COVID-19: Elkarrizketak

«Metodologia egokitu dugu programazioarekin segitu ahal izateko»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 17a, 12:30

Haur Hezkuntzan irakasle-tutorea da Marina Argote. Egunotan etxea lantoki bihurtuta ari da lanean.

Marina ARGOTE LARRAURI  Haur Hezkuntzan tutorea

Motxilak bete eta ikasgelak etxera eraman zituzten ikasle eta irakasleek joan den ortziralean, martxoaren 14an. Marina Argotek, Haur Hezkuntzako tutoreak, kontatu digunez, aldaketak eguneroko martxan eragin zuzena izanen du: «programatutako edukiekin segitu ahal izateko, metodologia aldatu dugu eta hori erronka bat izanen da guztiontzat».

Irakasleak etxetik lanean ariko dira datozen bi asteetan: «09:00etatik 14:00etara ordenagailua erabiliko dugu komunikatzeko». Ezohiko egoera izanen da guztientzat, bereziki Haur Hezkuntzako ikasleen heziketan lan egiten dutenentzat. Izan ere, «Haur Hezkuntzan kontaktua, imitazioa, esperimentazioa, jolasa eta harremanak oinarrizkoak dira».

Ikasleekin harreman zuzena izatetik gurasoekin hartu-emanean jardutera

«Ordenagailua edota telefonoa» eskuan gurasoekin eta lankideekin «etengabeko komunikazioan» ariko dira lanean eta guraso zein tutoreek lanen jarraipena egin ahal izateko «Drive eta Classroom plataformak» izanen dituzte eskura.

Irakasleek, programazioan zehaztutako edukiak barneratzen ari direla bermatzeko, «metodologia aldatu» dute:  «Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren IKASNOVA plataforma erabiliko dugu. Maila bakoitzeko tutoreek lana zintzilikatuko dute ikasleek etxetik egin ahal izateko».

Aro digitalak eskaintzen dituen aukerak ustiatzeko eta «baliabide horiek nahikoak ote diren» egiaztatzeko modua izanen dute egunotan: «ikasleek egunerokoan teknologia erabiltzen dute eta irakasleok etengabeko formakuntza jasotzen dugu».

Formakuntzetan ikasitakoa praktikatzeko garaia ailegatu zaie, ustekabean ailegatu gainera: «teknologiazaleak ez garenok asko ikasiko dugu. Egoerari aurre egitea erronka handia izanen da... ea zentzu guztietan garaile ateratzen garen!».

Hastea omen da gakoa. Hasi ondotik ari eta ariz ikasi. Bide horretan lan eginen dute ikasle eta irakasleek. Eta, nola ez, «gurasoei, edozein zalantza izanez gero, gurekin harremanetan jartzeko» deia egitearekin batera «egoera luzatuko dela dirudienez pazientzia izateko» eskatu die.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun