«Tokiko elikagai ekologikoek eskola jantokietako oinarria izan behar lukete»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 11a, 14:45
Eskualdeko hainbat ordezkari izan dira gaur goizeko Iruñeko agerraldian.

Eskoletako jantokietan aldaketa sakon eta erradikala egiteko beharra aldarrikatu dute gaur goizean Iruñean egin duten agerraldian. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari jangelako pleguak idazterakoan «irizpide jasangarri eta osasungarriak kontuan hartzeko» eskatu diote.

Nafarroako Gobernuak laster onartuko ditu eskoletako jangeletako pleguak eta horiek osatzeko bidean parte-hartze  eta informazio prozesurik egon ez denez, kezka sortu da udal ordezkarien, elikadura arloko ekoizleen, nekazarien eta langileen, hezkuntza arloko ordezkarien eta elikadura burujabetzaren eta elikadura osasungarri eta iraunkorraren alde lan egiten duten kolektiboen artean.  Guztiak bildu dira gaur goizean Iruñean: «pleguak idazterakoan irizpide jasangarri eta osasungarriak kontuan har ditzatela eskatzeko».

Eskualdeko eta Nafarroa osoko ordezkaritza zabala bildu da Iruñean eta idatzi duten manifestuari 50 bat entitatek eman diote babesa. Goizeko ekitaldian, Mikel Zabaleta Leitzako alkateak, Joseba Otondo Baztango alkateak, Aitor Azkaratek (EHNE) eta Aitziber Garmendiak (Sortzen) hartu dute hitza eta egungo egoeraren argazkia egin ondotik, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari egin nahi dizkioten eskaera zehatzen berri eman dute.

Eskoletako jangelak bertako elikagaietatik eta bertako sukaldaritza eta kulturatik geroz eta gehiago aldendu direla salatu dute: «hamarkadak dira elikadura enpresa handien mesedetan egindako ereduan murgildu zirela, modu deslokalizatuan, kilometrikoan eta jasanezinean garatzen den ereduan, hain zuzen ere». Eskolak etorkizuna, osasuna eta kontzientzia lantzeko lekuak direla ere nabarmendu dute eta horregatik, joera negatibo hori iraultzeko neurri politiko zehatz eta sakonak hartzea eskatu dute: «beharrezkoa eta lehentasunezkoa da elikadura-subiranotasuna politika publikoen erdigunean jartzea eta elikagai freskoak, tokikoak, sasoikoak eta ekologikoak eskoletako jantokien oinarri izatea».

Neurri zehatzak

Azaleko aldaketak utzi eta «pauso ausartak emateko» eskaera egin diote Nafarroako Gobernuari eta hainbat neurri zehatz hartzea eskatu diote:

  • Nafarroako eskualde mailako eskoletako jangelen zerbitzua esleitzeko pleguan, gutxieneko balditza bezala, «eskaintzen diren elikagaien %20 tokiko elikagaia eta %20 elikagai ekologikoa izatea ezartzea» eskatzen dute 2020. urtean hasita eta hurrengo urteetan, gradualki, bi esparruetan %100 lortzeko helburua finkatzea.
  • Pleguan kalitatezko lanpostuak sortu eta mantentzeko eta lan-baldintza duinak bermatzeko irizpideak zehaztea ere premiazkotzat jo dute: «horretarako Nafarroako Gobernuak beharrezkoa den formakuntza eta laguntza teknikoa artikulatzea».
  • Elikadura justizian eta elikadura subiranotasunean aurrera egitea, «gure eskoletako jangeletako plateretan hori islatzen bada, eragin zuzena izango baitu osasunean, ekonomia zirkularrean, iraunkortasunean eta Nafarroako landa eremuaren eta lehen sektorearen susperraldian».
  • Pleguak Nekazarien Eskubideen NBEren Deklarazioan, Europako Batzordearen FOOD 2030 Dokumentuan, Milango Itunean eta Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 17. xedapen gehigarrian ezarritakoa errespetatzea eta, hala, NBEren Garapen Iraunkorreko 17 helburuen 20/30 agendan ezarritakoa betetzea.

Bukatzeko, irizpide horiek guztiak modu egokian lantzeko denbora materialik ez dagoela irizten bada, Nafarroako Gobernua lantzen ari den plegua urtebetera mugatzea proposatu dute: «luzapenik gabe, moratoria gisa, eragile sozial eta instituzionalen artean parte hartuz eta koordinatuz plegu berriak lantzeko epe egokiago bat zabal dadin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun