Jon Rekondo leitzarrak eta Larrañagak irabazi dute Binakako Urrezko Aizkolari txapelketa

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 9a, 18:00

Emakumezkoen banakako lehian Irati Astondoa bizkaitarra nagusitu zaie Nerea Sorondo beratarrari eta Maika Ariztegi iturendarrari.  Argazkiak: Ibon Errazu Uria

Binakako Urrezko Aizkora Txapelketako finalak jokatu ziren larunbatean Azpeitian, bai kategoria nagusian baita 23 eta 19 urtez beheitiko kategorian ere. Emakumezkoen banakako aizkolari txapelketako eta urrezko harri-jasotzaile txapelketako txapelak ere bertan banatu ziren.

Kategoria nagusian Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Leitzako Jon Rekondo nagusitu ziren (25.30). Ugaitz Mugerza eta Julen Alberdi Txikia iazko txapeldunak bigarren sailkatu ziren, minutu batera (26.30). Hirugarren Iker Vicente eta Jesus Mari Mujika izan ziren (29.15). 

Hauek ongi hasi ziren, baina bi probetan agertutako adarrekin ez zuten zortea aldeko izan eta hirugarren tokian bukatu zuten.

Emakumeen txapelketa ere jokatu zen eta lehia estua izan zuten Irati Astondoa zeanuritarrak eta Nerea Sorondo beratarrak. Azkenean, sei segundoren aldearekin, bizkaitarrak jantzi zuen txapela (6.32). Nerea Sorondo bigarren izan zen (6.38). Hirugarren postua Maika Ariztegi iturendarrarentzat izan zen (8.00)

23 urtez azpikoen lana ere aski ona izan zen. Lehen posturako sekulako lehia izan zen hor ere. Ioritz Gisasola Zelai IV.ak eta Suharri Rodriguezek sei kana-erdiko ebakitzeko 9:03 behar izan zuten eta bigarren sailkatu zen bikoteak, Julen Larrea III.a eta Jokin Urretabizkaia Basozabalek, 9:11 egin zuten. Podiumeko hirugarren postua Hodei Ezpeleta eta Unai Zabalarentzat izan zen (11:30).

19 urtez beheitikoan bi bikote aritu ziren; Axel Larrañaga eta Markel Zapiainek 8:49an bete zuten lana eta Berako Oier Larretxea eta Endika Goiak, 9:32an.

 

Harri-jasotzen ere estu

Urrezko harri-jasotzaile txapelketan ere lehia estua izan zuten hiru lehiakideek.

Lehendabiziko harria 175 kilokoa zen eta bi minutuko txanda zuten lanerako. Aimar Galarragak 8 aldiz leporatu zuen; Urdax Magunazelaiak 9 aldiz, eta Xabier Peñak ere 9 jasoaldi.

Horren ondoren, 150 kilokoa, bi minutuan hau ere, 7 aldiz jaso zuen Aimarrek. Eta Urdaxek eta Peñak berriz berdindu egin zuten hamarna jasoaldi eginez. Ondoren, hirugarren eta azken harriaren txanda heldu zen, 125 kiloko biribila.

Aimarrek 10 leporatze egin zituen. Ondoren, Urdaxen txanda. 15 jasoaldi egin zituen. Peñak hori onduko zuen itxaropenik bazegoen, baina zalantzak ere bai. Horrela ekin zion lanari Peñak eta doi-doi bat gehiago ematea lortu zuen, 16, txapela janzteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun