Leitzako 'Atekaberts komeni' taldea da aurtengo Bardoetako lehen finalista

Larunbateko saioan, Tafallan, finalera sartzeko lehen urratsa eman zuen Berako 'Lamixene' taldeak ere eta heldu den asteburuan zehaztuko dira finalista guztiak

 

2020ko Bardoek badute bere lehen finalista. Leitzako Atekaberts komeni taldeak finalerako sailkapena lortu du, pasa den ostiralean, Atarrabian, Sakaña taldearen aurka jokatutako saioa irabazi ondotik.

40 lagun pasatxo bildu ziren Atarrabiako Etxebeltza elkartean saioa jarraitzeko, giro onean. Sakandarren partetik, Ekain Alegre, Idoia Granizo eta Saats Karasatorre aritu ziren kantuan; Leitzako taldean, Aitzol Eizmendi, Ane Intxausti, Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi izan ziren ordezkari. Unai Artiedak egin zituen gai-jartzaile lanak.

Joaneko saioa ere, Tuterakoa, irabazia zuten leitzarrek sakandarren aurka, eta beraz, bi saioetan puntua eskuratuta, Lizarran martxoaren 28an izanen den finalerako txartela eskuratu du Atekaberts komeni-k. Bardoetako azken edizioan txapeldun izan zen Leitzako taldea.www.bertsosarrerak.eus

Larunbatean, Tafallan, Barañaingo Hego Haizea eta Berako Lamixene taldeak izan ziren kantuan, parez pare. Lehen taldearen ordezkari gisara, Ainara Ieregi, Endika Legarra, Iñigo Aranguren "Pika" eta Sahats Aleman aritu ziren bertsotan. Beratarren partetik, Ekhiñe Zapiain, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo airtu ziren kantuan. Lepo bate zen Tafallako Aguazon peña, eta giro alaiean joan zen saioa.

Berako taldeak eskuratu zuen saioko puntua, eta beraz, lehen urratsa eman du Lizarrako finalean sartzeko. Dena den, Tafallakoa joaneko saioa zuten bi taldeek, eta itzulikoa jokatu beharko dute heldu den larunbatean Jaunsaratsen, bietatik zein sailkatzen den erabakitzeko.

 

Azken asteburuaren faltan

Jaunsaratsekoarekin batera, beste saio bat gehiago ere izanen da heldu den larunbatean, kasu honetan Goizuetan. Lesakako Arranopola eta Malerrekako Bertsonautak taldeak arituko dira kantuan bertan. Joaneko saioan, Malerrekakoentzat izan zen puntua, baina Goizuetako saioak zehaztuko du finalista nor den. Heldu den asteburuan, beraz, argituko dira aurtengo hiru talde finalistak.

Finalerako eta ondotik izanen den afarirako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, bai eta Lizarra Ikastolan eta Lizarrako Beinat Etxepare Euskaltegian ere.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun