Klima eta Energiaren Alkatetza Hitzarmenarekin bat egin dute eskualdeko bortz udalek

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 7a, 13:00
Eskualdeko herrien artean, Donamaria da hitzarmena sinatu duen herririk ttikiena.

Baztan, Bera, Donamaria, Doneztebe eta Lesakako udalek negutegi efektuko gasak murrizteko eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko helburua duen mundu mailako mugimenduarekin bat egin dute.

Alkatetza Hitzarmena klimaren eta energiaren aldetik tokiko ekintzak bulkatzeko hiri eta herrien mundu mailako mugimendurik handiena da. Gaur egun, 60 herrialdetako 10.033 udalerrik sinatua dute eta horien artean sartu dira Baztan, Bera, Donamaria, Doneztebe eta Lesakako Udalak.

Hitzarmena sinatuta C02 isuriak eta bertzelako berotegi efektuko gasak guttienez %20 murrizteko konpromisoa hartu dute 2030. urterako. Horrekin batera, erresilientzia areagotzeko konpromisoa hartu dute aldaketa klimatikotik eratorritako inpaktuetara egokituz. Azkenik, tokiko ekintza planak garatzeko konpromiso politikoa ere hartu dute. Hala, bi urteko epean, Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana aurkeztu beharko dute jorratu nahi dituzten ekintzen xehetasunekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun