XI. Leizeen Eguna martxoaren 15erako antolatu du Lurpea elkarteak

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 6a, 17:00
Sara, Ikaburua, Zugarramurdi, Isturitz-Oxocelhaya, Mendukilo, Arrikrutz, Ekainberri eta Karrantzako lezeetako ordezkariak.,Baionan martxoaren 5ean egindako prentsaurrekoan.

Euskal Herriko osoko leizeak biltzen dituen, Lurpea elkarteak prest du XI. Leizeen Eguna. Martxoaren 15erako antolatu dute hitzordu berezia eta egun horretan elkartea osatzen duten leize guztiek bisita bereziak, erakustaldiak, zozketak eta beherapenak eskainiko dituzte. Martxoaren 5an Baionan egin zuten prentsaurrekoan eman zituzten ekitaldi honen inguruko xehetasunak. Lurpea taldeko zortzi leizeetako ordezkariak izan ziren bertan, tartean, Sarako, Urdazubiko eta Zugarramurdiko leizeetako arduradunak.

Sarako Leizeak, Zugarramurdiko Sorginen Kobak (Zugarramurdi), Urdazubiko leizeak, Arrikrutz-Oñatiko kobak, Ekainberrik, Isturitz-Oxozelhaya kobak, Mendukiloko kobak eta Pozalaguako kobak osatzen dute 2008an sortutako Lurpea elkartea. Helburu argia dute denek, lurpeko bisitariari seigarren kontinentea deskubritzeko aukera ematea, «hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz». Beste ekintza batzuen artean, taldeak www.lurpea.eus webgunea jarri zuen martxan eta bertan jaso daiteke kobazulo guztien informazioa.

Kobazuloen egunerako, aipatutako leizeek hainbat ekintza antolatu dituzte. Kobazuloen egunean sarrerek %50eko deskontua izanen dute eta Nafarroan dagoen Haitz-Etxea nekazalturismoan gau baterako egonaldia edota kobazulo parte-hartzaile guztietan sartzeko hamar bono eta zonaldeko produktuekin osatutako saski bat zozketatuko dituzte.

Eskualdeko kobetan martxoaren 15erako eskaintzak

Zugarramudiko Sorginen leizean bi bisita gidatu eskainiko dituzte: 12:00etan euskaraz eta 17:00etan gazteleraz. Bisita honetarako txartelak Sorginen Museoan salgai izanen dira (helduek bost euro eta sei eta hamabi urte bitarteko haurrek hiru euro) Aldez aurretik erreserbatzea aholkatzen dute, info@zugarramurdi.es helbidean.

Sarako kobako sarreretan 2x1 promozioa eginen dute. 00 33 559 54 21 88 telefonora deituta edo  www.sarakolezeak.com webgunean eskura daiteke informazio gehiago.

Urdazubin bisita gidatuak eskainiko dituzte eta sarrerak erdi prezioan salduko dituzte. Gainera, bisitaren osagarri, magia ikuskizuna eskainiko dute 13:30ean Ikaburuko haitzuloetan. Erreserbatzeko 601 35 13 19 telefonora deitu edo trikuharry@gmail.com helbidera idatzi behar da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun