Bardoak ekimeneko finalaurrekoetako bi saio berri jokatuko dira asteburuan

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 6a, 15:00

Atekaberts komeni taldekoak joan den larunbatean nagusitu ziren Tuteran. Gaur lor dezakete leitzarrek finalerako txartela.

Gaur bertan erabakiko da lehen talde finalista Atarrabian

2020ko Bardoetako finalaurrekoetako bi saio jokatuko dira datozen egunetan. Gaur, martxoak 6, Atarrabian, Leitzako Atekaberts komeni eta Sakanako Sakaña taldeak ariko dira nor baino nor, pasa den astean Tuteran jokatutako kanporaketaren itzulerako saioan. Ordukoan Leitzako taldeak irabazi zuen saioa, baina itzulerakoan erabakiko da bietatik nor pasatzen den finalera. Atarrabiako Etxebeltza Elkartean izanen da saioa, 19:30ean hasita. 3 euroko sarrera du saioak.

Tafallan larunbatean izanen da saioa, 18:00etan Aguazon Peñan. Barañaingo Hego Haizea eta Berako Lamixene taldeak izanen dira parez pare, finalerako txartel bila. Kasu honetan, kanporaketako joaneko saioa izanen da Tafallakoa, eta gertatzen dena gertatzen dela, itzuleran (martxoaren 14an Jaunsaratsen) erabakiko da bi taldeetatik nork egiten duen aitzinera. 3 euroko sarrera du saioak.

Martxoaren 28an izanen da Bardoetako finala, Lizarran. Hiru kanporaketetatik sailkatutako hiru talde izango dira bertan kantari, txapela eskuratzeko lehian. Finalerako eta ostean izango den afarirako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, bai eta Lizarra Ikastolan eta Lizarrako Beinat Etxepare Euskaltegian ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun