Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa Eusko Label Sariko hiru kategorietako finalak eta Emakumezkoen Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako eta Urrezko Harri-jasotza Txapelketako finalak jokatuko dituzte martxoaren 7an, larunbatean 18:30etik aitzinera Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan.
Urrezko mailan hiru bikote ariko dira lehian eta eskualdeko aizkolari bat izanen da, Jon Rekondo leitzarra. Mikel Larrañagarekin eginen du bikote eta Iker Vicente-Jesus Mari Mujika eta Ugaitz Mugertza II.a-Julen Alberdi Txikia IV.a izanen dituzte arerio. 13 enbor moztu beharko dituzte, lau modalitatetan.
Emakumeen Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan, gaur egungo txapelduna den Nerea Sorondo beratarra, Maika Ariztegi iturendarra eta Irati Astondoa bizkaitarra ariko dira, 36 ontzako hiru enbor nork lehenago moztu.
23 urtez beheitiko kategorian ez da eskualdeko ordezkaririk izanen eta hiru bikote ariko dira legian: Ioritz Gisasola Zelai IV.a-Suharri Rodriguez, Julen Larrea III.a-Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Hodei Ezpeleta-Unai Zabala. 54 ontzako sei enbor moztu beharko dituzte.
19 urtez beheitiko kategorian bi bikote ariko dira: Berako Oier Larretxea eta Endika Goia, Axel Larrañaga eta Markel Zapiainen kontra. 45 ontzako bi enbor eta 54 ontzako bi enbor moztu beharko dituzte.
Urrezko Harri-jasotze Txapelketan, azkenik, Xabier Peña, Urdax Magunazelaia eta Aimar Galarraga ariko dira. Bina minutuko txandetan, 175 kiloko laukizuzena, 150 koloko kubiloa eta 125 kiloko borobila izanen dituzte lanerako.