Tanta elkartasun egitasmoaren txartelak saltzen hasiko dira eskualdeko ikastolak ere

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 4a, 18:00
60.000 euro zozketatuko dituzte Euskal Herriko ikastolek ekainaren 25ean, Tanta egitasmoaren baitan.

Ekainaren 25ean eginen den zozketan 60.000 euroko saria banatuko dute

Baztan, Labiaga eta Tantirumairu ikastolak Tanta elkartasun egitasmoko txartelak saltzen hasiko dira abudo. Ekainaren 25ean eginen den zozketan 60.000 euroko saria banatuko da. 

Euskal Herriko hezkuntza eredu propio eta euskaldunaren aldeko 111 ikastolek elkarrekin martxan paratutako egitasmoa da Tanta, Baztan eta Bortzirietako ikastolek ere babesten dutena. Hiru ikastetxeetako ordezkariek azaldu dutenez, «egitasmo honek elkartasuna du oinarrian eta 60.000 euroko sari bat izanen du. Tanta zozketan 5 euroko txartelak salgai egonen dira». Zozketa ekainaren 25ean eginen dela jakinarazi dute. Azaldu dutenez, txartelak eskuratuz «Euskal Herrian zein Bortzirietan eta Baztanen euskara eta hezkuntza eredu propioak sustatzen segitzeko haizea emanen zaie ikastolei. Gure proiektua aitzinera ateratzeko bulkada ekonomikoa jasoko dugu, euskaratik eta euskaraz».

Hiru ikastoletako ordezkariek gogoratu dutenez, «badira 40 urtetik goiti Baztan eta Bortzirietako ikastolok euskaraz hazi, hezi eta bizitzeko lanean hasi ginela, tantaz tanta euskararen xirimiriaz zonaldeko lurra euskaraz bustitzen». Eta adierazi duten moduan «lan hau beti egon da elkartasunean, auzolanean eta herrigintzan oinarriturik eta Tanta egitasmoaz, lan horretan sakontzen segitu nahi dugu». 

Azkenik, azpimarratu dute Bortziriak, Baztan  eta Nafarroan «euskararen presentzia eta erabilerak indartzen segitzeko, ikastolen lanak duen garrantzia». Txartelak erosiz, elkartasun keinu bat egiteko deia egiten dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun