Zortzi bikote lehiatuko dira Sagardoaren X. Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 4a, 13:00
Txapelketa jokatuko duten hamasei erremontelarietatik hamaika izan ziren astearte arratsaldean Petritegi sagardotegian egindako aurkezpenean. Argazkia: Maialen Andres

Eskualdeko lau erremontelari izanen dira: Ezkurra II.a eta Zubiri bikote eginez eta Endika Urrutia eta Aritz Juanenea saldiastarrak

X. Sagardoaren Txapelketa aurkeztu zuten martxoaren 3an Petritegi sagardotegian. Ortzegunean, martxoaren 5ean jokatuko dute lehen partida eta finala maiatzaren 9an izanen da. Zortzi bikotek parte hartuko dute, launa bikoteko bi taldetan banatuak, eta bikote bakoitzak sagardotegi baten izena izanen du. Eskualdeko erremontelariei dagokienez, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak elkarrekin jokatuko dute, Larre-Gain ordezkatuz. Endika Urrutia saldiastarra Goikoetxearekin ariko da (Gurutzeta) eta Aritz Juanenea saldiastarra Agirrezabalarekin (Altzueta).

Sagardoaren Txapelketako hamargarren edizioaren aukezpena Petritegi sagardotegian egin zen, iazko irabazleak Segurola eta Endika izan baitziren, Astigarragako sagardotegiaren ordezkariak. Aurten, bikote txapelduna banandu egin da, eta ez dute elkarrekin jolastuko.

A taldean, Urriza-Arruarte (Bereziartua), Ezkurra II.a-Zubiri (Larre-Gain), Goikoetxea-Endika (Gurutzeta) eta Segurola-Ion (Gaztañaga) ariko dira. B taldean, berriz, Matxin III.a-Azpiroz (Petritegi), Juanenea-Agirrezabala (Altzueta), Ansa II.a-Larrañaga (Setien) eta Aldabe-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) ariko dira.

Talde bakoitzean denak denen kontra ariko dira, ortzegun eta larunbatetan, eta bi lehenbizikoak sailkatuko dira apirilaren 23tik maiatzaren 2ra jokatuko den finalerdietako ligaxkarako. Finala maiatzaren 9an jokatuko dute.

Txapelketako lehen partida martxoaren 5ean, ortzegunean jokatuko dute Matxin III.a eta Azpirozek (Petritegi) Aldabe eta Barrenetxea IV.aren (Oialume Zar) kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun