Haize ufada gogorren ondorioz, ezusteko ugari Amaiur, Goizueta, Etxalar eta Lesakako errepideetan

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 3a, 19:30

Amaiur inguruan, haizetearen ondorioz zuhaitz bat erori da auto baten gainera. Zorionez, bidaiarietako inor ez da zauritu eta gertakaria susto batean gelditu da. Goizuetan, Etxalarren eta Lesakan ere zuhaitz ugari erori dira errepideetara. Arratsaldeko 2ak aldera, 107,6 km/orduko haize-boladak izan dituzte Otsondo aldean. 

Denboraleak batez ere errepideak kaltetu ditu. Goizuetako suhiltzaile boluntarioek, Oronozko suhiltzaileek, Foruzaingoak eta errepideetako mantentze-lanetako langileek gogotik aritu behar izan dute bidera eroritako arbolak kentzen.

N-121-B errepidean, Amaiurtik Otsondo aldera doan errepidean, zuhaitz bat erori da auto baten gainera. Barnean jatorri frantseseko pertsonak zihoazen eta, zorionez, inor ez da zauritu eta gertakaria susto batean gelditu da. Gainera, errepide zati horretako mozketetako batean, Foruzaingoko patruila bat eta Arizkungo medikua inkomunikatuta gelditu dira, une horretan paziente bati zerbitzua ematera zihoala. Etxalarren eta Lesakan suhiltzaileek eta foruzainek esku hartu dute zuhaitzak erori direlako bidera. Goizuetan ere, herriko errepidea kaltetu da zuhaitzak erori direlako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun