Leitzaldeko eta Baztan-Bidasoaldeko lanetan milioi bat euro inbertitu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 3a, 14:00

Leitzak jaso du inbertsiorik handiena, 227.000 euro, tartean zinemako lanak egiteko.

2019an gauzatutako Inbertsio Finantzario Jasangarrien Planaren barrenean, Nafarroako Gobernuak 15 obra sustatu ditu Larraun-Leitzaldea eskualdean, 1,8 milioi euroko kostuarekin, eta horietatik 700.000 euro (%40) Gobernuak jarri ditu. Bertzalde, Baztan-Bidasoa eskualdean 23 jarduera egin dira, 1,3 milioi eurokoak. Horietatik 740.000 (% 57) Gobernuak bideratu ditu. Guztira, gure eskualdean, Leitzaldeko eta Baztan-Bidasoaldeko herrietan zehazki 1.029.500 euroko inbertsioa egin du Gobernuak. Sakanan ere egin dira lanak.

Finantza aldetik jasangarriak diren inbertsioen planak (IFS) toki entitateetan oinarrizko zerbitzuak hobetzeko obrak sustatzen ditu. Proiektu horien artean, honako hauek egin daitezke: tokiko hornidura, saneamendu eta euri uren sareetan esku hartzea; zolaketa sareekin edo sarerik gabe; argiteria publikoa, udal zuzkidurak eraikuntza araudira egokitzea, eta obrak egitea beti jendea bizi den tokietara eta hiriguneetara doazen bideetan.

Eskualde horietan egindako 58 obren artean, 25 sare eta hodiak ordezteko jarduerak izan dira. Gainera, argiteria berritzeko 15 obra egin dira, 8 zoladura lan egin dira, udal eraikinak egokitzeko 5 proiektu egin dira eta 5 bide egin dira.

 

Leitzaldeko herrietan 291.000 euro

Herriz herri, Larraun-Leitzaldea eskualdean obrak egin dira Areson (Polaineko Bordako bidea egokitzea; 26.000 euro); Arribe-Atallun (sareak berritzea; 94.000 euro); Baraibarren (sareak berritzea; 16.500 euro); Betelun (sareak berritzea, eta Errexil Bordako bidea zolaberritzea; 220:000 euro); Goizuetan (argiteria; 38.000 euro); Imotzen (Erasoko sareak berritzea; 2.000 euro), Leitzan (sareak berritzea, zolaberritzea, argiteria eta zinemako eraikina zaharberritzea; 227.000 euro) eta Lekunberrin (sareak berritzeea eta udaletxea egokitzea; 71.000 euro).

 

Baztan-Bidasoaldean 738.500

Halaber, Baztan-Bidasoa eskualdean obrak egin dira Arantzan (sareak berritzea; 27.500 euro); Beintza-Labaienen (argiteria publikoa; 32.000 euro); Beran (sareak berritzea eta zoladura; 172.500 euro); Bertizaranan (sareak berritzea Legasan, 20.000 euroko inbertsioarekin); Donamarian (sareak berritzea eta pilotalekua berritzea; 122.500 euro); Donezteben (sareak berritzea; 106.500 euro); Etxalarren (udaletxea egokitzea 28.500 euro); Igantzin (sareak eta Elutseta bidea berritzea; 32.500 euro); Iturenen (argiteria publikoa Latsagan, 8.000 euroko inbertsioarekin); Lesakan (sareak berritzea; 41.500 euro); Oieregin (Enaburua bidea; 6.000 euro); Oizen (Uhana bidea handitzea; 8.000 euro); Sunbillan (argiteria eta zoladura berritzea; 81.000 euro); Urdazubin (argiteria; 25.500 euro) eta Urrozen (Sareak berritzea eta pilotalekua moldatzea; 26.500 euro).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun