Errigora kanpainaren eskaerak martxoaren 12ra arte egiten ahal dira

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 8a, 12:00

Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estrarekin, kontserbekin, arrozarekin eta pastarekin etxeko despentsa urte osorako betetzea proposatzen dute Errigora kanpainaren sustatzaileek eta, gisa horretara, «ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta» produktuok zure herrian jasotzeko aukera» eskaintzen dute.

«Arduraz ekoizten dena arduraz elkartrukatu eta arduraz kontsumitzeko saiakera» da Errigorak egiten duena, auzolanean, ehun herri inguruko boluntarioen laguntzarekin. Diotenez, urtez urte kontsumitzaile kopurua handitzen ari da, 2014an hasi zirenean 1.500 familiak parte hartzen zuen ekimenean, eta sei urte geroago 6.500 dira parte-hartzaileak.

Kanpaina berri honi Gure hautuez harro lema jarri diote. «Apaltasunez harro» daudela azaldu du Errigorako Ibai Sueskunek: «Azken finean, harro gaude gure hautuek bestelako eredua bultzatzen dutelako. Bestela ekoizteko, bestela kontsumituz». Errigorraren lan garrantzitsuenetako bat Nafarroa hegoaldeko nekazari, elaboratzaile eta Euskal Herri osoko kontsumitzaleen artean «zubiak eraikitzea» dela ere azpimarratu dute.

Eskaerak internetez egiten ahal dira
Produktu guztiak euskarazko etiketekin eta ekoizlearen jatorrizko prezioan jaso ahal izanen dira. Eskaerak  www.errigora.eus webgunean egin daitezke. Produktuak formatu handian eskaintzen dira: oliba-olioa 5 litroko bidoietan eta arroza, pasta eta kontserbak 12 ontziko sortetan. Banaketa eta ordainketa bi txandatan egiten da: martxoa-apirilean olioa eta maiatzean sortak.

Banaketa guneetako batzuk:
Areso (Elkartea), Baztan (AEK Suinki euskaltegia, Kattalingorri), Bera (Amaleun), Goizueta (Herriko Plazan), Leitza (Torrea), Lesaka (Arrano) .

2019ko datuak

  • 6.500 etxetara banatu zituzten produktuak.
  • 93.000 litro olio, 207.000 ontzi kontserba eta 11.000 kilo arroz eskatu ziren.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun