Iera Agirre eta Irantzu Etxebeste aurrez aurre izanen dira Emakume Master Cupeko finalerdietan

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 2a, 20:00

Pilota goxoko finalerdi erakargarriak gelditu dira Pasaiako jardunaldiaren ondotik

Iera Agirre leitzarra eta Maite Ruiz de Larramendi, Irantzu Etxebeste beratarraren eta Leire Etxanizen kontra eta Eneritz Arrieta eta Amaia Jaka, Nagore eta Leire Galeanoren kontra. Horiexek dira martxoaren 14an Elgoibarren jokatuko diren pilota goxoko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren finalerdiak, Pasai Antxon jokatu den final laurdenetako kanporaketa politaren ondotik.

Txapelketako bertze herri guztietan gertatu bezala, Pasaiako pilotaleku dotorean jende aunitz bildu da igande goizean ere egungo emakume pilotaririk onenen partidak jarraitzeko.

Erraterako, egungo txapelduna den Leire Etxaniz sasoi onean dela ikusi ahal izan dute, Irantzu Etxebeste beratarraren laguntzarekin, Andrea Aldaregia eta Ane Urkizuri 18-8 irabazi diete ia hiru ordu laurdeneko partida gogorrean. Beti bezala, etxebarriarra seguru aritu da partida guztian, baina atzetik ere tantoak bukatzeko gaitasunarekin. Emaitzak bertzelakorik iradoki dezakeen arren, tanto piloteatuak izan dira, hori bai, gehienak gorrien aldekoak izan dira. Nabarmentzekoa da, baita ere, Irantzu Etxebestek egindako partida. Beratarra garapen handia izaten ari da Emakume Master Cupen lehiatzen hasi zenetik.

Eneritz Arrietak eta Amaia Jakak, euren aldetik, ez dute inolako arazorik izan Uxue Larrea eta Lierni Gartziarenaren aurka finalerdietarako txartela eskuratzeko. Partida azkar batean, Arrietak eta Jakak 18-1 irabazi dute eta nabarmentzekoa da Eneritz Arrietak emandako maila, kolpe handiarekin, defentsan sendoarekin eta tantoak bukatzerakoan emankor.

Euren muga non duten ez dakitenak Nagore eta Eider Galeano gazteak dira. Eskaileraren azpitik hasi zuten txapelketa antzuolarrek eta dagoeneko finalerdietan dira, Ainhoa Ruiz de Infante eta Oihana Orbegozori 13-18 irabazita. Partida ona eta borrokatua izan da hau, ia 50 minutu iraun dituena eta markagailuan gorabehera handiak izan dituena. Galeanotarrak hobeto hasi dira eta 2-7 aurreratu dira. Hala ere, tanto bakoitza asko borrokatuz eta sufrimenduaren bidetik, Ruiz de Infante eta Orbegozok partida hamahiruna berdindu dute. Zailena eginda zutela zirudienean, ordea, esfortzua ordaindu eta bertan geratu dira, Ainhoa Ruiz de Infantek egindako zenbait akatsen erruz.

Beteranoenen arteko lehian, bukatzeko, Iera Agirre leitzarrak eta Maite Ruiz de Larramendik 8-18 irabazi diete Ane Arteaga eta Maider Mendizabal gipuzkoarrei. Lau pilotariek maila polita eskaini dute baina partida honek bi zati desberdin izan ditu, orekatu antzean hasieran 6-10, baina azken aldera nekeak eragina izan du eta Maider Mendizabali azkenerako pilota dezentek txapapera ihes egin diote.

 

Final laurdenetako emaitzak

Leire Etxaniz-Irantzu Etxebeste, 18 / Andrea Aldaregia-Ane Urkizu, 8

Eneritz Arrieta-Amaia Jaka, 18 / Uxue Larrea-Lierni Gartziarena, 1

Ainhoa Ruiz de Infante-Oihana Orbegozo, 13/ Nagore eta Eider Galeano, 18

Ane Arteaga-Maider Mendizabal, 8 / Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi, 18

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun