Kontsumitzaileen Elkarteak egindako inkesta baten arabera, herritarren %46ak bigarren eskuko kotxe bat erosteko asmoa du ondoko bi urteetan. Baina gaineratu duenez, gero eta gehiago dira halako erosketekin sortzen diren arazoak: «autoa erosi eta aste edo hilabete batzuetara ibilgailuari arazoak sortzen zaizkio, batzuetan bortz mila euro arteko kalteak». Eta erosleak saltzailearengana jotzen duenean «saltzailea beti ez da arazoa bere gain hartzeko prest izaten». Halakoetan, kontratura jo behar dela dio Iratxek: «batzuk ez dute kontraturik sinatzen eta horrek arazoak ekar ditzake. Kontratuak zenbat eta xehetasun gehiago izan, orduan eta berme gehiago eskainiko ditu».
Kontuan hartzeko ohar batzuk ere eman ditu kontsumitzaileen elkarteak: «autoa establezimendu batean erosia baldin bada, bermea bi urtekoa da, nahiz eta bi aldeek urte bakarrekoa izatea adostu dezaketen». Partikularren artean, ordea, «erosketa egin den tokiko Kode Zibilera jo behar da». Nafarroan, arazoa justifikatuz gero, erosketa bertan behera uzteko edo prezioa murrizteko urte bateko epea izaten da.
Adibideak
- Iratxeko bazkide batek 3.278 euro berreskuratu ditu, 130.000 kilometro zituen auto bat erosi eta ondotik izan dituen arazoak konpontzeko ordaindu zuena berreskuratuz. Epailearen aitzinean matxura ibilgailuaren ohiko higaduraren ondorioz ez zela izan ondorioztatu zuten.
- Bezero batek 18.000 euro ordaindu zituen bigarren eskuko auto bat erosteko. Handik hilabetera motorrean arazoak agertu ziren eta konponketak 5.000 euroko gastua sortu zion. Epaileak autoaren saltzeko prezioa jaitsi eta saltzaileak erosleari dirua itzuli behar izan zion.
Halako kasuak saihesteko, bigarren eskuko auto bat erosi aitzinetik, profesional independente batek egindako txosten tekniko zehatza egiteko aholkatu du Iratxek. Horrekin batera, azterketak eginak dituela ziurtatzearen eta ordainketak egiaztagiriarekin eta kontratuarekin egitearen garrantzia nabarmendu du kontsumitzaileen elkarteak.