«Herritarren bulkada inoiz baino beharrezkoagoa da»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 27a, 13:30

Aspaldikoa da N-121-A errepideari soluzioa emateko eskaria. Irudian 2018an Elizondon egindako manifestazioa.

Ortziraleko errepide mozketaren atarian, parte hartzeko deia egin diete eskualdeko alkateek herritarrei

Nazioarteko zama garraioan dabiltzan ibilgailu astunak N-121-A errepidetik desbideratzea eskatuz, inguruko alkateek errepidea moztuko dute ortzirale arratsaldean, 19:30ean, Beran.

Baimendutako errepide mozketa izanen da eta Irunerako bidean, Berara sartzeko lehenbiziko bidegurutzean, harrobi ondoan, moztuko dute. Eskaria Nafarroako Gobernuari eta gainerakoei zabaltzeko mobilizazioan parte hartzea garrantzitsutzat jo dute eskualdeko alkateek.

«Nafarroako Gobernuaren aldetik atea ez dago itxita eta inoiz baino gehiago behar dugu jendearen bulkada».

Juankar UNANUA, Igantziko alkatea

Juankar Unanua Igantziko alkatearen irudiko, erraterako, «orain da momentua, inoiz baino gehiago behar da jendearen bulkada». Nafarroako Gobernuaren aldetik «ez dugu atea itxita ikusten» eta horregatik bihar eta aitzinera begira eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du: «udal ordezkariak lanean ari gara baina ez da nahikoa. Herritarrik gabe ez dugu deus eginen, euren babesa behar dugu».

«Eskatzen ari garena gure herritarren segurtasunerako da eta ez dugu bertze hildako bat nahi honekin aurrera jarraitzeko».

Xanti UTERGA, Doneztebeko alkatea

«Kezkak eta haserrea Berara joanez azaltzeko» eskatu die Xanti Uterga Doneztebeko alkateak herritarrei: «ez sare sozialetan egindako 'atsegin dut' batekin». Bere ustez, «horrelako ekintzek presioa egiteko balio dute eta Nafarroako Gobernuarentzat prentsan ateratakoa larriagoa dela ematen du, horrela izan behar ez lukeen arren». Nazioarteko garraioa desbideratzea «betegarria» dela dio Utergak: «adibide oso berdintsuak ditugu Katalunia eta Errioxako errepideetan, eta horietan segurtasun maila ikaragarri hobetu da». Argi utzi du «nazioarteko zama garraioaz» ari direla: «guk beti babestu dugu hemengo garraiolariek hemendik ibili behar dutela». Eskatzen dutena «gure biztanle guztien segurtasunerako» dela nabarmendu du. «Gobernuak bere esku du erantzukizuna eta gure lana lortu arte gainean egotea da».

«Gure aldarria Iruñera ailegatzeko mobilizazioetan denon presentzia ezinbertzekoa da».

Ladis SATRUSTEGI, Lesakako alkatea

Ladis Satrustegi Lesakako alkateak ere mozketan parte hartzeko mezua luzatu die herritarrei: «gure egunerokoan nahitaez erabili beharreko errepidea izanik, segurtasuna bermatzea ezinbertzekoa iruditzen zaigu. Horregatik, eta gure aldarria Iruñera ailegatzeko, denon presentzia beharrezkoa da».

Segurtasuna bermatzeko neurri azkarrena eta errazena nazioarteko kamioiak N-121-A errepidetik desbideratzea da».

Amets INDA, Sunbillako alkatea

Bide beretik jo du Amets Inda Sunbillako alkateak: «errepide honen egoera kaskarra, gertatzen diren istripu guztiak eta segurtasun falta Gobernutik eta bertze tokietatik ulertu eta kontuan hartzeko kanpora ateratzea garrantzitsua da». Helburua «segurtasuna bermatzea eta arrisku  maila jaistea» dela gaineratu du eta «horretarako neurri azkarrena eta errazena nazioarteko kamioak N-121-A errepidetik desbideratzea da. Neurri gehiago ere izanen dira baina azkarrena eta merkeena hori da».

«Nazioarteko garraioa N-121-Atik lekualdatu behar dela Gobernuari ozen adierazteko herritarrak eragile izatea garrantzitsua da».

Joseba OTONDO, Baztango alkatea

Joseba Otondo Baztango alkatea, berriz, «herritarrak eragile izatearen garrantziaz» aritu da, eta «nazioarteko zama garraioa N-121-A errepidetik lekualdatu behar dela Nafarroako Gobernuari ozen eta zalantzarik gabe adierazteko» mobilizazioetarako deia egin du. Hautetsiei «Nafarroako Gobernuarekin eta gainerako eragileekin mintzatzea» tokatzen zaiela dio eta hala, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari bilkura bat eskatuko diotela jakinarazi du: «N-121-A errepideari buruzko gure kezkak eta proposamenak zuzenean aurkeztu ahal izateko». Herritarrek, ordea, «beraien ahalmen guztia baliatu» behar dutela uste du, «eskatzen duguna herritarren eskakizuna dela Nafarroako Gobernuari erakusteko». Gehiago ere kontatu du: «N-121-A errepidearen kasuan isilpeko interes ekonomiko handiak daude, herritarren interes orokorraren gainetik daudenak, eta hori horrela den neurrian herritarrek beharrezkoa dute beren iritzia zein den agertzea eta interes orokor hori ikusaraztea, bertzela, beti bezala, lauren gain geldituko da hartu beharreko erabakia, lauren interesen mesedetan».

«Mobilizazioak presio bide bide bat izatea nahi dugu. Zoritxarrez bizitza gehiegi lapurtu dizkigu errepide honek eta biktimei eta beraien senideei zor diegu».

Aitor ELEXPURU, Berako alkatea

Aitor Elexpuru Berako alkateak desbideraketa egiteko eskaera «guztiz zentzuduna» dela uste du eta egoera ikusita «prebentzio neurri bezala nazioarteko trafiko astuna A-15etik desbideratzea» galdegin du, «segurtasunean irabaziko» duelako. Are gehiago, «neurririk errazena eta merkeena» dela dio eta «Errioxan eta Katalunian trafiko astuna errepide nazionaletatik autobideetara desbideratuz emaitza ezin hobeak lortu izan dituztela» oroitarazi du: «Zergatik ez hemen?». Nafarroako Gobernuaren ezetza ez du ulertzen: «Nafarroan hildako gehien duen errepidea da gurea. Beraz, zerbait egin beharko du ba?». Bere hitzetan, «dirua eta interes ekonomikoak daude itsutasun honen oinarrian» baina «pertsonen segurtasuna lehenetsi behar dugu, interes ekonomiko partikularren gainetik». Horregatik, «gure aldarrikapenak egia bihurtzeko denon ahalegina eta bultzada beharrezkoak» izanen direla eta, errepide mozketan parte hartzera «animatu» nahi izan ditu herritarrak. Ekintza horrek errepideko arazoak «egun batetik bertzera» konponduko ez dituela jakitun den arren, «presio bide bat izatea» nahi dute: «zoritxarrez, bizitza gehiegi lapurtu dizkigu errepide honek. Biktimei eta beraien senideei zor diegu, ahantzi gabe hurrengoa gu, gure senide edo lagunen bat izan ahal garela kaltetuak».

Aitzinera begira lanean

Biharko errepide mozketaren ondotik, alkateek ez dute geldirik egoteko asmorik: «epe erdira mugimendua antolatzeko asmoa dugu», dio Otondok eta Utergak, berriz, «aldaketarik ez badago, bertze ekintza batzuk izanen direla» baieztatu du. Elexpuruk dioen bezala, «gure eskakizunak agenda politikoan egon daitezen» errepide mozketak, hitzaldiak eta hainbat kanpaina egiteko asmoa dute. Hurrengo errepide mozketa, erraterako, Uharten eginen dutela argitu du Unanuak. Indak, bere aldetik, «emaitzak epe luzera begira lortuko direla» nabarmendu du baina «beharrezkoa» ikusten du «lanean segitzea, orain eta gero».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun