Errigoraren kanpaina otsailaren 27an hasi da

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 26a, 12:00

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora.

Martxoaren 12ra arte Nafarroa hegoaldeko olioa, kontserbak, arroza eta pasta eskatzen ahalko dira

Prest da Errigoraren udaberriko uzta. Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina otsailaren 27an hasi da eta martxoaren 12ra bitarte Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserba-sortak, arroza eta pasta eskatzeko aukera izanen da, beti bezala, euskaraz etiketatuta, Errigorak euskara ofiziala den zonaldean eragin nahi duelako eta, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Gure hautuez harro izanen du aurtengo kanpainaren leloa, Errigoratik adierazi dutenez, «harro baikaude gure ekoizteko eraz, gure kontsumitzeko eraz, herria egiteko eraz». Nabarmendu nahi izan dute «sei urtez milaka lagunek egin dugula kanpaina honetan parte hartzeko hautua». Horrek «eragina» baduela gaineratu dute, «izan ere, bertzela kontsumitzea da bertzela ekoizteko biderik eraginkorrenetakoa. Eskariaren bidez lortu dugu gero eta ekoizle gehiagok egitea bertako ekoizpenaren eta agroekologiaren aldeko hautua. Horrela bete dezakegu gaur gure despentsa orburu ekologikoz edo bertako gariarekin egindako pastaz».

 

Eskaintza zabala

Aurtengo kanpainan 16 ekoizlek hartuko dute parte: Nafarroa hegoalde eta erdialde zabaleko bortz olio-errotak, bederatzi kontserba-etxek eta arroz-ekoizle eta pastagile banak. Urtez urte, kontsumitzaileen kopuruarekin batera, ekoizleen familia ere haziz doa.

Olioa bortz litroko bidoietan banatuko dute eta kontserben banaketa 12 ontziko sortetan eginen dute. Aldi honetan, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, orburuak, barazki-menestra, tomate frijitua, arroza, potxak, barazki-kremak eta pasta eskainiko dituzte. Eskaera dena batera egin behar bada ere, banaketa bi zatitan eginen dute. Apirilean oliba-olioa banatuko dute eta maiatzean kontserbak, arroza eta pasta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun