Baztan-Bidasoaldeko mendi ibilbideak eta GR bideak mantentzeko kanpaina abiatu da

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 25a, 12:58
GR bideen mantenimenduan aritzen dira boluntarioak.

Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak Nafarroako Mendi Federazioarekin batera egiten duen kanpaina da

Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak, 2016. urteaz geroztik, Nafarroako Mendi Federazioarekin batera lan egiten du eskualdeko GR bideen mantenimenduan. Boluntario sare egonkorra dago eskualdean GR 11, GR12, GRT-5 edo Kulunka bidea eta Bidasoa Treking-a delakoa egoera onean mantentzeko konpromisoa duena.

Nafarroako Mendi Federazioak boluntario sarea handitzeko eta egonkortzeko kanpaina abian jarri du aurten ere eta Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak bat egin du kanpaina honekin. Hala, eskualdeko boluntarioek elkarteak Bertizen duen egoitzan aurkituko dute mendian markak egiteko beharko duten material guztia.

Boluntario izateko borondatea dutenek, IZEN EMATE FITXA bete eta info@mendinavarra.com  helbidera bidali behar dute. 

Martxoaren 14an prestaketa ikastaroa eskainiko dute Iruñean. Egun bateko ikastaro teorikoa izanen da goizez eta praktikoa arratsaldez. Boluntarioek Ezkabamendiko 220 GRan markak eginen dituzte.

 

Baztan-Bidasoa, ibilbidez jositako paisaia

Baztan-Bidasoa, iparretik hego aldera eta ekialdetik mendebaldera mendi ibilbidez josita dago. Guztira 208 kilometro, eskualdea pausuz-pausu ezagutzeko: GR11 (Hegoaldeko TransPirenaika), GR12 (Euskal Herriko ibilbidea) eta GR10 (Iparraldeko TransPirenaikca) batetik eta bertzetik GR11-GR12 lotura edo Bidasoko Traking-a eta GRT5 Kulunka/Kulunkaren Bidea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun