Arkupeaken eskutik Bartzelonara joan nahi dutenek otsailaren 24tik 26ra eman behar dute izena

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 21a, 09:30
Arrakasta handia izan ohi dute bidaiek. 2019an Italian izan zen taldea.

Maiatzaren 4tik 7ra Bartzelonara bidaia antolatu du Arkupeak Elkarteak. Joan nahi dutenek, otsailaren 24an, 25ean eta 26an, heldu den astelehen, astearte eta asteazkenean Doneztebeko bulegora (948 45 08 78 edo 618 56 78 37) deitu beharko dute. Bidaia honek izan ohi duen arrakasta ikusita, antolatzaileek «erne ibiltzeko» deia egin dute.

Lau eguneko bidaian, Bartzelonako gune turistikoenak bisitatzeko aukera izanen dute: Sagrada Familia, Batlló Etxea, Gaudiren eraikuntzak, Montjuic, auzo gotikoa, ramblak, portua, Montserrateko monastegia.... Maiatzaren 4an San Sadurni D'Anoian ere eginen dute geldialdia, bertako Freixenet upategi ezagunak ezagutzeko.

Bartzelonako lau izarreko hotelean hartuko dute ostatu eta joan nahi dutenek 515 euro (logela bikoitza) eta 700 euro (banakakoa) ordaindu beharko dituzte. Prezioan sartuak dituzte autobus zerbitzua, gida, hotelean pentsio erdia, bazkariak, bisitatu beharreko tokietarako sarrerak, bidaia asegurua eta tasa turistikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun