Lehenbiziko fasea bukatuta zehaztu dira Bardoetako finalaurrekoak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 17a, 12:00
Lesakako Arranon, Arranopola eta Bertsopiztiak taldeak. Etxekoak nagusitu ziren eta finalaurrekoetan izanen dira.

Ortziralean Lesakan eta Leitzan jokatutako saioetan etxekoak nagusitu ziren eta Arranopola eta Atekaberts komeni taldeak hurrengo faserako sailkatu dira

Otsailaren 14an jokatu ziren lehen faseko azken hiru saioak, Lesakan, Leitzan eta Otsagabian. Horiek igarota, ondoko sei taldeek eskuratu dute toki bat finalaurrekoetan: 'Bertsonautak' (Malerreka), 'Arranopola' (Lesaka), 'Atekaberts komeni' (Leitza), 'Lamixene' (Bera), 'Hego haizea' (Barañain) eta 'Sakaña' (Sakana). Otsailaren 29an abiatuko da finalaurrekoetako fasea.

Hamahiru saio jokatuta, bukatu da 2020ko Bardoetako lehenbiziko fasea, eta argitu dira honezkero finalaurrekoetara sailkatutako taldeen izenak. Ortziralean jokatu ziren lehen faseko azken hiru saioak, Lesakan, Leitzan eta Otsagabian, eta horiek bukatutakoan argitu zen emaitza. Gauzak horrela, Malerrekako Bertsonautak (A multzoko irabazlea), Lesakako Arranopola (B multzoko irabazlea), Leitzako Atekaberts komeni (C multzoko irabazlea), Berako Lamixene (D multzoko irabazlea), Barañaingo Hego Haizea (A,B eta C multzoetako bigarren sailkatuetan onena) eta Sakanako Sakaña (D multzoko bigarrena) izanen dira finalaurrekoetan kantatuko dutenak.

Lesakan jokatu zen ortziraleko lehen saioa, herriko Arranopola eta Barañaingo Bertsopiztiak taldeen artean, Arrano Elkartean, eta giro onean. Bigarren puntua eskuratuta, hurrengo faserako sailkapena ziurtatu zuen etxeko taldeak.

Antzera gertatu zen Leitzako Atekabeltz Gaztetxeko saioan ere, bertako Atekaberts komeni eta Barañaingo Hego Haizea taldeen arteko saioan. Leitzarrek saioa irabazi eta bigarren puntua lortu zuten, sailkapena bermatuz. Hego Haizea taldekoak, dena den, ez ziren esku hutsik joan, sailkapena ere lortu baitute, A,B eta C multzoetako bigarren sailkatu onena gisara.

Atekaberts komeni eta Hego Haizea taldekoak ostiralean Leitzako Atekabeltz gaztetxean. Leitzarrak nagusitu ziren, baina bi taldeek lortu zuten sailkapena.

Otsagabian jokatu zen ostiraleko azken saioa, bertako Gartxot Elkartean. Herri horretan erroak dituen Amortziaren eliobak taldea eta Sakanako Sakaña izan ziren bertan kantuan. Lehenbizikoek irabazi zuten saioa, eta hain justu, faseko sailkapenean berdinketa eman zen bi talde horien artean. Desenpaterako irizpideak behin ezarrita, Sakanakoentzat da finalaurrekoetarako txartela.

 

Finalaurrekoak, sei saiotan

Hiru kanporaketa izango dira finalaurrekoetan, joan-itzuliko formatuan. Guztira, beraz, sei saio izanen dira, ondorengo herrietan: Tuteran (otsailak 29), Anizen (otsailak 29), Atarrabian (martxoak 6), Tafallan (martxoak 7), Goizuetan (martxoak 14) eta Jaunsaratsen (martxoak 14). Lehen aldiz, finalaurrekoak ez dira jokatuko parte hartzen duten taldeen herrietan, baizik eta bertze sei herrietan. Modu horretan, Bardoak egitasmoa eta bertsolaritza ahalik eta Nafarroako bazter gehienetara eraman nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

 

Otsailaren 29an, Tuterako Beterri peñan Atekaberts Komeni eta Sakaña lehiatuko dira; egun berean, Anizko elkartean Bertsonautak eta Arranopola ariko dira: martxoaren 6an, Atarrabiako Etxebeltza elkartean Sakaña eta Atekabertze komeni; martxoaren 7an, Tafallako Aguazon peñan Hego Haize eta Lamixene; martxoaren 14an, Goizuetako udaletxeko ganbaran Arranopola eta Bertsonautak eta egun berean, Jaunsaratseko udaletxeko ganbaran, Lamixene eta Hego Haizea. Irabazleek martxoaren 28an Lizarran jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun