Nazioarteko garraioa desbideratzea eskatuz N-121-A errepidea moztuko dute otsailaren 28an Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 17a, 08:10
Duela bi urte Arraizko Bentetan hainbat mozketa egin zituzten. Orduko eskaera ere argia zen: segurtasuna bermatzeko, nazioarteko garraioa desbideratzea.

Nazioarteko zama garraioan dabiltzan ibilgailu astunak A-15 autobidetik desbideratzea eskatzeko inguruko herrietako alkateek egin dute errepidea mozteko deialdia. Baimendutako errepide mozketa izanen da eta Berara sartzeko lehenbiziko bidegurutzean, harrobi ondoan, moztuko dute, 19:30ean. Bertzalde, otsailaren 26an N-121-Ari buruzko mahai-ingurua antolatu du Diario de Navarra egunkariak.

Berako errepide mozketa lehenbiziko mobilizazioa izanen da, alkateek mozketa gehiago eginen dituztela iragarri baitute. Horrez gain, gehienez ordubeteko iraupena izanen duela aurreikusi dute eta Agerrako gasolindegiaren inguruan aparkatzeko aukera izanen dela jakinarazi dute.

Mahai-ingurua

Bi egun lehenagotik, otsailaren 26an, Diario de Navarrak gaiari lotutako mahai-ingurua antolatu du, 17:30ean Berako Kultur Etxean. Nafarroako Gobernuko ordezkari batek, eskualdeko alkate batek eta garraiolarien ordezkari batek parte hartuko dute. Ondotik, entzuleek eztabaidan parte hartzeko aukera izanen dute. Ekitaldi irekia izanen da eta nahi dutenek ateak zabalik izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun