Urrezko aizkolari txapelketako finalerako azken txartela jokoan izanen dute Maika Ariztegik eta Itxaso Onsalok igandean Oñatin

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 14a, 18:00
Itxaso Onsalok (argazkian) eta Maika Ariztegik jokoan izanen dute finalerako azken txartela.

23 urtez beheitiko kanporaketa ere jokatuko dute

 

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako azken sailkapen jardunaldia jokatuko dute otsailaren 16an, igandean 12:00etan Oñatin. Gazte mailako kanporaketan ez da eskualdeko ordezkaririk izanen, baina emakumeen banakako txapelketan, martxoaren 7an Azpeitian jokatuko den finalerako falta den azken txartela jokoan izanen dute Iturengo Maika Ariztegik eta Aresoko Itxaso Onsalok. Irabazlea Nerea Sorondo eta Irati Astondoa izanen ditu arerio martxoaren 7an Azpeitiko (Gipuzkoa) Izarraitz pilotalekuan (18:30).

Gazte mailan finalean izanen diren hiru bikoteak jakiteko kanporaketa ere jokoan izanen da Oñatin, eskualdeko kirolaririk gabe: Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Julen Larrea III.a, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Suharri Rodriguez, Hodei Ezpeleta eta Unai Zabala eta Oier Kañamares IV.a eta Xuban Kañanares V.a arituko dira. Sei enbor moztu beharko dituzte, bi modalitatetan (erlojuaren kontra eta lan erdira).

Urrezko Harrijasotze txapelketako jardunaldian, nahiz eta finalean ariko diren hiru harrijasotzaileak erabakiak egon, sailkapen orokorrean ahalik eta goitien gelditzeko lehian arituko dira Aimar Galarraga eta Urdax Magunazelaia. Izan ere, sailkapeneko lehenbizikoak finalean azkena altxatzeko eskubidea izanen du eta horrek abantaila ttiki bat emanen dio. Gaur gaurkoz, dagoekeno finalerako sailkatuak daude Xabier Peña (4.175 kilo), Urdax Magunazelaia (3.800 kilo) eta Aimar Galarraga (3.350 kilo).

Gizasemeen Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa Eusko Label Sariko finalistak, berriz, Iker Vicente eta Jesus Mari Mujika, Ugaitz Mugertza II.a eta Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo leitzarra izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun