Berako Lamixine eta Malerrekako Bertsonautak taldeek segurtatua dute Bardoetako finalaurrekoetarako txartela

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko ots. 10a, 15:00
Bertsonautak eta larraundarrak ortziralean Elgorriagako ostatuan jokatutako saioan.

Lehen faseko azken asteburuan, otsailaren 14an Lesakako Arranon eta Leitzako Atekabeltz gaztetxean jokatuko dituzte saioak

Elgorriagan, Lizarran, Barañainen eta Iruñean jokatu dira Bardoetako bigarren asteburuko saioak, bortz guztira. Lehenbiziko faseko azken asteburu baten faltan, bi taldek finalaurrekoetarako sailkapen zuzena lortu dute honezkero: Berako 'Lamixene' eta Malerrekako 'Bertsonautak'.

Bortz saio jokatu dira 2020ko Bardoetako bigarren asteburuan, eta hasiak dira finalaurrekoei begira gauza batzuk argitzen. Asteburukoekin, lehenbiziko faseko 13 saioetatik 10 jokatu dira honezkero, eta asteburu baten faltan, finalaurrekoetako txartela eskuratu dute Berako Lamixene eta Malerrekako Bertsonautak taldeek.

Ortziralean hiru saio izan ziren. Lehenengoan, Elgorriagako ostatuan jokatutakoan, eskualdeko Bertsonautak eta Larraun da Araitz. Bi dozena taldeak izan ziren kantuan, eta lehenbizikoek eskuratu zuten puntua, Maialen Belarra gai-jartzaile zela. 50 lagun inguru bildu ziren ostatuan, giro ederrean.

Barañaingo Gaztetxean jokatu zen ostiraleko bigarren saioa, eta herriko Bertsopiztiak eta Erroibar eta Aezkoa bailaretako Pirini Bardo taldeak izan ziren parez pare, 30 lagunen aurrean. Zuhara Zaratiegik eta Enma Murillok egin zituzten gai-jartzaile lanak. Azkenean, etxean gelditu zen puntua. 

Ordu beretsuan izan zen Lizarrako saioa, herri horretako Gure Geroa Elkartean. Bertan, 40 lagun ingururen aurrean kantatu zuten Lizarrako bardeak eta Leitzako Atekaberts komenitaldeek. Talde bisitariak eskuratu zuen saioko puntua.

Larunbatean, Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean jokatu zen saioa, eta bertan izan ziren etxeko Drimtin eta Berako Lamixene taldeak. Xabier Terreros izan zen aurkezle, 50 lagunen aurrean. Azkenean, Berako taldeak eskuratu zuen puntua, bi saiotan bigarrena eskuratuz, eta hala, finalaurrekoetarako sailkapena ziurtatuz.

Igandean, azkenik, Barañaingo Akelamendi Elkartean izan zen saioa, herriko Ipar Haizea eta Malerrekako Bertsonautaktaldeak elkartu zituena. Azken horrek eskuratu zuen puntua, bere bigarrena, eta hortaz, finalaurrekoetan egoteko txartela ziurtatu zuen.

 

Otsailaren 14an Lesakan eta Leitzan

Heldu den asteburuan jokatuko dira Bardoetako lehen faseko azken hiru saioak, Leitzan, Lesakan eta Otsagabian, eta orduan zehaztuko dira finalaurrekoak. Otsailaren 14an, ortziralean 19:00etan Lesakako Arrano elkartean, Lesaka eta Etxalarko Arranopola (Ane Telletxea, Eneko Fernandez, Erika Lagoma, Estitxu Arozena, Etxahun Azkarraga, Iban Garro, Iratxe Muxika, Jon Silveira, Josu Sanjurjo, Lide Igoa, Ninbe Urtxegi eta Uxue Mesa) eta Barañaingo Bertsopiztiak artean eta Leitzako Atekabeltz gaztetxean, 20:30ean, Leitzako Atekaberts komeni (Aitzol Eizmendi, Ander Fuentes Itturri, Ane Intxausti, Iñigo Gorostarzu, Joanes Illarregi, Migel Mari Elosegi Luze, Mikel Azpiroz Txotxa eta Xabat Illarregi) eta Barañaingo Hego Haizea taldearen artean izanen dira eskualdeko lehen faseko bertze saioak.

Lau multzotan banatuta daude orain taldeak, eta sei talde pasako dira hurrengo fasera: lau multzo horietako lehenengoak, D multzoko bigarrena, eta A, B eta C multzoen arteko bigarren sailkatuetan onena. Hemen ikusi liteke txapelketaren egitura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun