Foruzaingoak 1.452 kontrol egin zituen iaz N-121-A errepidean, 2018an baino 259 gehiago

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 5a, 10:00

Foruzainen kontrola Lesakako zubitik hurbil.

Foruzaingoak iaz paratu zituen 4.205 isunetatik 3.029 gehiegizko abiaduragatik izan ziren. Osotara, 1.452 kontrol egin zituen, 2018an baino 259 gehiago. Gainera, Belateko tunelen itxiera kanpaina kontuan hartzen ez bada, 2018tik 2019ra 571 kontrol gehiago egin zituen.

 

Errepideko salaketa-kopuruak gora egin du

Foruzaingoak 4.205 salaketa jarri zituen iaz N-121-A errepidean, 2018an baino 321 gehiago, orduan 3.884 salaketa izapidetu baitziren. 2017an, Foruzaingoak 2.039 salaketa egin zituen, eta 2016an, berriz, 3.721.

2019an paratutako 4.205 salaketetatik, 3.029 baimendutako abiadura gainditzeagatik izan ziren, eta 1.176, bertze arrazoi batzuengatik: 216, seinaleak ez errespetatzeagatik; 204, drogak kontsumitzeagatik; 62, alkoholemia positiboagatik; 69, bolantean entretenitzeagatik; 59, segurtasun uhala ez eramateagatik; eta 15, aurreratze onartezinengatik.

Adimen artifizialaren proiektu pilotua

Gaur egun, proiektu pilotu bat abian jartzeko lanean ari dira, ezbehar gehien dituen zatia (Bera-Endarlatsako harrobia) aztertzeko. Kameren eta teknologia artifizialaren bidez, bidea denbora errealean behatu nahi dute eta gidarien jokamoldeak aztertu. Eta horrekin batera, ezbehar-tasa murrizten lagunduko dutelakoan, bertze hainbat faktore ere aztertuko dituzte, hala nola abiadura, ibilbidea, klimatologia eta abar.

2010az geroztik 31 pertsona hil dira trafiko istripuetan

Urtean 125 istripurekin batez beste, N-121-A errepidea da, Nafarroako errepide guztien artean, istripu gehien eragiten dituena. 2010az geroztik, 31 pertsona hil dira 23 zirkulazio-istriputan. Ezbehar horietako gehienak, mugimenduan dagoen ibilgailu baten eta geldirik dagoen bertze baten arteko talkak edo mugimenduan dauden ibilgailuen arteko aurrez aurreko talka batek eragin du, normalean, aurreratze desegokiagatik, bidetik ateratzeagatik edo kontrako erreian sartzeagatik.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun