Gaztetzeko gakoa bizitzeko ilusioa

N. BAZTERRIKA 2020ko ots. 5a, 11:00

65 urtetik goitiko 139 erabiltzaile dituzte eskualdeko 14 herritan dauden jubilotekak.

Norberaren beharrei erantzuteko, zaletasunei tarte egiteko eta gaitasunak garatzeko, gero eta gehiago dira jubilotekatara joaten diren herritarrak. Gaur egun eskualdeko 139 erabiltzailerentzat «gozamen iturri eta ilusio eragile» da zerbitzua

2008an «ezintasunak zituztenei bitartekoak eskaintzeko eta haien familiakoek atseden hartu ahal izateko» ireki zituzten lehendabiziko jubilotekak Beran eta Lesakan. Ramoni Ordokik, orduko arduradunak, kontatu digunez, «eskaintzen zituzten dirulaguntzak baliatuz» abiatu zuten egitasmoa. Hasiera hartan «urritik abendura» biltzen ziren. Iraupen aldetik murritza eta erabiltzaile profilari zegokionez mugatua zen zerbitzua eta gisakoa izan zen erantzuna: «behar bereziko erabiltzaile gutxi bertaratu zen». 
Ikusiak ikusi, «65 urtetik goitikoei ere» aukera eskaintzea erabaki zuten. Hasiera ez zen erraza izan Lesakan: «ez zuen funtzionatu». Bertzelakoa izan zen Beran: «berehala talde kohesionatua sortu zen». Hortaz, «fokua» bertan paratzea erabaki zuten: «Lesakakoa utzi eta Berakoan zentratu ginen». Udalaren laguntza sustengu,  eskaintza ikasturte osora zabaldu zuten, «udan bakarrik itxiz».

Berako jubilotekako kideak Edurne Garro gizarte-langilearekin.

Azken hamarkadan  hedatze handia
2014an, Urdazubin, Erratzun eta Arizkunen «adineko herritarren eta, bereziki, baserritarren artean sumatzen zuten bakardadeari aitzin egiteko» modua ikusita, bide beretik jo zuten. 2015ean, berriz ere, Lesakan saiatzea erabaki eta martxan paratzea lortu zuten. 2017an, berriz, Malerrekan ireki zuten. Pixkan-pixkan zerbitzua eskualde osora heldatzea lortu dute. 2018an Elizondon ireki zuten eta urte berean hasi ziren Mendialdean, «adinekoak dezente izaki, eskaintzen zaien etxez etxeko laguntza zerbitzua murritza zela eta beharra bazela» iritzita.  

«Asko dugu adinekoengandik ikasteko»

Olaia SALABERRIA

14 herritan 139 erabiltzaile
Gaur egun, 139 erabiltzaile dituzte Gizarte Zerbitzuek Malerrekan, Bortzirietan eta Mendialdean eta Harremana elkarteak Baztanen, Urdazubin eta Zugarramurdin eskaintzen dituzten tailerretan. 65 urtetik goitiko herritarrak dira gehienak, adin horretako biztanleriaren %3,3. Dena den, gutxi batzuk «gazteagoak edo behar bereziak dituztenak» dira. 
Edurne Garro (Beran, Lesakan eta Elizondon), Amaia Iriondo (Arizkunen, Erratzun eta Urdazubin), Olaia Salaberria (Areson, Aranon, Goizuetan eta Leitzan) eta Ramoni Ordokiren (Donezteben, Sunbillan, Zubietan eta Ezkurran) gidaritzapean biltzen dira. 

Herria 65 urtetik goitikoak Jubilotekan
Arano 33 4
Areso 66 2
Arizkun 136 8
Bera 780 20
Doneztebe 302 4
Elizondo 782 12
Erratzu 123 6
Ezkurra 58 19
Leitza 742 11
Lesaka 640 13
Goizueta 202 8
Urdazubi 83 14
Sunbilla 179 11
Zubieta 63 7
Guztira 4.189 139

Ezkurrako eta Eratsungo 19 lagun asteazkenetan eta ostegunetan biltzen dira.

Astean egun bat, bi edo hiru
Batzuek astean behin izaten dute hitzordua: astelehenetan Leitzan (10:00-13:00); asteartetan Goizuetan (10:00-13:00), Zubietan (16:00etatik 18:30era), eta Arizkunen (16:00-19:00); asteazkenetan Areson (10:00-13:00) eta Elizondon (16:00-19:00); eta ortzegunetan Aranon (10:00-13:00) eta Erratzun (16:00-19:00). 
Urdazubin, Lesakan, Donezteben, Ezkurran eta Sunbillan bi egunez elkartzen dira: Urdazubin astelehen eta asteazkenetan (16:00etatik 19:00etara); Lesakan astearte eta ortzegunetan (10:00etatik 13:00etara); Donezteben astelehen eta ortziraletan (10:00etatik 12:30era); Ezkurran asteazkenetan (10:00etatik 12:30era) eta ortzegunetan (16:00etatik 18:00etara); eta Sunbillan astearte eta ortzegun goizetan (10:00etatik 12:30era).
Beratarrak dira eskaintza zabalena dutenak: astelehen, asteazken eta ortziraletan, 10:00etatik 13:00etara. 

«Gaztaroko lagunen biltokia da Jubiloteka»

Amaia IRIONDO

Ezagutarazi, egonkortu, zabaldu
Eskariak baldintzatua da eskaintza, eta horretarrako zerbitzua ezagutarazi, egonkortu eta hedatzea ezinbertzekoa dela aipatu dute koordinatzaileek. Mendialdean, oraindik bigarren ikasturtea izaki, «ezagutarazte prozesuan» daudela adierazi du Salaberriak: «zer den jakitea eta pausoa ematea da zailena eta horretan ari gara, bertaratzeko eta probatzeko aukera emanez eta horretara animatuz». 
Bortzirietan, dagoeneko,  zerbitzua ezaguna dela dio Garrok. Gehiago ere bada: «egiten ditugun ekintzen garrantziaz jabetu dira». Horri esker, zabaltzea lortu dute: «2015ean berriz ere Lesakan hastea lortu genuen eta orain dela bi urte Arantzako biztanleei Berara bertaratzeko aukera eskaintzen hasi ginen». Hedatze lan horretan «boluntarioek zererran handia» izan dutela adierazi du: «garraioaz arduratzen dira eta ezinbertzekoa dugu horien lana». 
Ez dira Bortzirietakoak joan- etorria errazten duten bakarrak. Iriondok ere ongi ikasia du erabiltzaileen etxeetatik jubilotekarako bidea: «oren bat lehenago furgoneta hartu eta etxez etxe jendea biltzen hasten naiz. Hala, erabiltzaileek ez dute familiakoren bat mugiarazteko beharrik».

Leitzako jubilotekako kideak margotzen.

Erabiltzaile kopuruak goiti
Erraztasunak eskaintzeaz gain, «medikuarekin eta Gizarte Zerbitzuarekin» elkarlanean aritzeak ere eragin handia izan du Harremana elkarteak kudeatzen dituen jubilotekatako parte-hartze kopuruan. Horri guztiari esker, Urdazubin ia hirukoiztu egin da erabiltzaile kopurua: «hasmentan bortz ginen eta orain 14 gara». 

«Ilusioz bizitzea da helburu nagusia»

Edurne GARRO

Goranzko joera hori islatzen dute Malerrekako datuek: «Sunbillan zortzi ginen lehen, 11 orain; Zubietan bortzetik zazpira pasatu gara» dio Ordokik. Txanponaren bi aldeak adierazten dituzten herriak dira Doneztebe eta Ezkurra: «Donezteben, handiagoa izanik,  erabiltzaile gehiago izatea espero genuen. Errealitatea, ordea, guztiz bertzelakoa da. Bortz lagunekin hasi ginen eta lau erabiltzaile daude egun. Are gehiago, lau horietatik hiru Narbartetik etortzen dira». Ezkurran zortzi ziren hasieran eta 19 dira orain. Zergatia jakitea zail gertatuagatik, «herri txikiagoetan indar handiagoa» duela adierazi digu arduradunak: «orain Doneztebeko kasua aztertzen ari gara, hobetzeko zerbait egin dezakegun edo herriz aldatu behar dugun jakiteko». Ateak ixten direnean zail da berriz irekitzea eta hori saihestu nahi dute.

Burua landu, gorputza astindu
Talde handiagoan batzuk, txikiagoan bertzeak, jomuga bakarra da guztientzat: «ongizate fisikoa eta emozionala bermatzea». Horretarako, burua eta gorputza lantzeko jarduerak egiten dituzte guztiek: solasaldiak, psikomotrizitate jarduerak edo kognitiboak, arreta eta memoria lantzekoak...». Abiapuntua bera da guztientzat, baina programazioa «malgua, zaletasunen arabera egokitzeko modukoa» dela gaineratu dute. 

Urdazubiko jubilotekakoak eskolako haurrekin abenduan egindako topaketan.

Ekintza osagarriak
Egunerokotasunetik ateratzeko, ekintza osagarriak ere egiten dituzte. Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdikoek «bertzeak bertze, antzerkiak, paella zein txokolate jateak» dituzte gozamen iturri, «eta horietan jubilotekakoak ez direnek ere parte hartu ohi dute». 
Bortzirietan «gero eta ekintza gehiago» antolatzen ari dira: «sukaldaritza tailerrak, musikoterapia, belaunaldien arteko lanketak...». Malerrekan bertzelako lanketak egin dituzte: «Beraien kantak eta jolasak bilduz liburuxka bat egin dugu. Euren bizipenei presentzia ematea ere garrantzitsu delako». Horrez gain, Ezkurran eta Zubietan sorospen ikastaroak egin dituzte eta «lapurretak izan zirenean ebastea saihesteko gomendioak bilduz hitzaldiak egin genituen». Aitzinera begira ere hasiak dira: «oinaze kronikoa lantzea eta ludikoagoa den bertze jardueraren bat egitea darabilgu buruan».
Mendialdekoen «proposamenak aditzeko prest dagoela» dio Salaberriak. Iritsi zaio lehendabizikoa: «Aranoko haurrek, Goizuetan ikasten dutenez, herriko euskara galtzeko kezka adierazi didate. Jubilotekan hori lantzea eta haurrei helaraztea polita izan daitekeela uste dut. Asko dute kontatzeko eta asko dugu haiengandik ikasteko».    

«Beraien bizitzei presentzia eman nahi diet»
Ramoni ORDOKI

Kooperazioa oinarri
Elkarrengandik eta elkarrekin ikasteko tokiak baino gehiago dira jubilotekak. Iriondoren hitzetan «gaztaroko laguntasuna berrartzeko edo harremanak eraikitzeko aukera ematen die  guztiei, adinekoei edota behar bereziak dituztenei».  Guztiek «kooperazioan» lan egiten dute.  Mendialdean, Malerrekan, Leitzaldean eta Bortzietan ere, «taldeka» aritzen dira, «norberaren gaitasunetatik abiatu eta landuz». 
Gustura daudela eta onura handia eragiten duela adierazteko Ordokik erizainek errandakoa ekarri du gogora: «jubilotekan hasi direnetik medikuarenera gero eta gutxiago joaten direla eta joaten direnean, lehen ez bezala, elkarrekin solasean egoten direla erran izan didate». Are gehiago, «jubiloteka dagoen egunetan ez dute hitzordurik nahi izaten». Zahartzean etxetik atera, lagunekin bildu eta ikasten segitzeak ilusioa bizibizi eusten laguntzen duen seinale dira erabiltzaileen hitzak eta ekintzak.

 

Jubilotekako parte-hartzaileekin solasean

Teresa TELLETXEA (Areso)

«Orain bi urte hasi nintzen jubilotekan eta oso gustura joaten naiz. Memoria landu eta eskolan ikasitakoa freskatu bitartean oso ongi pasatzen dugu. Bi bakarrik joaten gara... Jendeak lanak utzi eta probatzera etorri behar luke».

Joxe ZABALETA (Ezkurra)

«Jubilotekan hasi artean herrian ez genuen elkartzeko ohiturarik. Orain 20 bat biltzen gara, herrikoez gain Eratsungoak ere etortzen dira eta... Asteazkena ailegatzeko esperoan egoten gara, parre batzuk egiteko».

Pilar ANTONENA (Elizondo)

«Jubiloteka familia ttipi bat da guretako. Aste osoan ttipiak zaintzen etxean egoten naiz. Aitzakia honekin, ateratzeko, lagunekin biltzeko eta ikasteko aukera izaten dut. Estimatzekoa da eskaintzen duten zerbitzua».

Frantxixka IRIARTE (Sunbilla)

«Hagitz kontent joaten naiz jubilotekara, gure artean harreman oso ona dugu eta ongi pasatzen dugu. Ariketak egin ondotik, gustukoak ditugun gauzetan aritzeko aukera izaten dugu eta horri eustea inportantea dela uste dut».

Mari Cruz PLAZA (Urdazubi)

«Jubilotekako kideak lagunak gara. Astean bitan elkarrekin egon bitartean, testulia, gimnasia, eskulanak eta bertzelako jolasak egiten ditugu. Horrez gain, paella jatea eta eskolako haurrekin topaketa ere egin izan dugu. Ez dugu aspertzeko tarterik izaten».

Jabier BIURRARENA (Bera)

«Baserritik herrira bizitzera etorri ginenean lagunek elkar animatu eta izena eman nuen, 2011n. Ez nekien zer zen jubiloteka, egundaino horrela ibili gabeak ginen... Probatu eta gustatu egin zitzaigun. Hasiera hartan 10 lagun ginen, orain 20 gara».

Mertxe SAGARZAZU (Lesaka)

«Orain bi urte etorri ginen Lesakara. Senarra hil zitzaidan eta bakarrik gelditu nintzenez seme-alabek animatu ninduten izena ematera. Jubilotekak herrian lagunak egiten lagundu dit. Jubilotekatik kanpo ere asteartero taldetxo bat elkartzen gara».

Crucis APEZTEGIA (Zugarramurdi)

«Badira 13 urte bakarrik bizi naizela. Inguruan jendea izan badudan arren, gazteak dira eta euren martxa dute... Adinean goiti  noa, 81 urte ditut eta ongi egoteko mugitzea komeni da. Talde polita gara eta gustura gabiltza. Gainera, etxeraino etortzen zaizkigu bila...»

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun