Telebisten frekuentziak otsailaren 11 baino lehen eguneratu behar dira Arano, Areso, Bera, Etxalar, Igantzi, Leitza eta Lesakan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 5a, 15:00
Etxe bakarrek ez dute moldaketarik egin beharko.

Gainerako herrietan otsailaren 17tik aitzinera egin beharko dute aldaketa. Etxebizitza komunitateek zuzeneko dirulaguntza jasotzeko aukera dute. Dirulaguntza eskaerak irailaren 30era arte egiteko aukera izanen da.

Gipuzkoatik hurbilen dauden herrientzat, Arano, Areso, Bera, Etxalar, Igantzi, Leitza eta Lesakarentzat alegia, otsailaren 11n amaituko da aldaketa egiteko epea. Eta gainerako herrietan, Arantza, Baztan, Beintza-Labaien, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Goizueta, Ituren, Oiz, Saldias, Sunbilla, Urdazubi, Urroz, Zubieta eta Zugarramurdin, otsailaren 17an abiatuko da aldaketa egiteko epea.

Aldaketa Bigarren Dibidendu Digitala delakoaren ondorio da. Europak aginduta, 2020ko ekainaren 20rako libre utzi behar da 700 MHz-ko banda telefonia mugikorraren bosgarren belaunaldia (5G) ezartzeko. Prozesuak ez du telebista katerik desagerraraziko, ezta sorraraziko ere. Eraikin batzuetan ez da telebista seinalea jasotzeko instalazioa aldatu beharko, eta aldatu behar dutenek dirulaguntzak eskatu ahalko dituzte.  

Moldaketak pisu blokeetan

Etxe bakarrek ez dute moldaketarik egin beharko. Pisu blokeetan, ordea, antenaren instalazioa egokitu beharko da. Hori ez bada egiten, ez da telebista katerik ikusiko etxean. Behin telebista-antena frekuentzia berrietara egokituta, norbere etxean, urrutiko agintearen laguntzaz telebista birsintonizatu beharko da. 

Antena-teknikarien lanak kostua izanen duenez, gobernuak aldaketak ukitzen dituen etxebizitza komunitateei zuzeneko dirulaguntza ematea erabaki du. Eraikinean lehendik zegoen azpiegituraren arabera 104,3 € eta 677,95 € arteko dirulaguntza jasotzeko aukera dute komunitateek. Dirulaguntza eskaerak irailaren 30era arte egiteko aukera izanen da. Eskaerarekin batera faktura eta instalazio buletina aurkeztu beharko dira. Dirulaguntza jasotzeko egokitzapena Telekomunikazio Instalatzaileen Erregistroan izena emanda dauden instalazio-enpresek egin behar dute. 

Argibide gehiago 
www.televisiondigital.es web orria edo 901 201 004 eta 910 889 879 telefono zenbakiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun