Hodei Lujanbio goizuetarra bigarren izan da Negu trail lasterketan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 4a, 16:00

Podiumera igoz hasi du mendi lasterketen denboraldia Hodei Lujanbio goizuetarrak. Berastegiko (Gipuzkoa) Negu trail lasterketan parte hartu zuen igandean eta bigarren postuan bukatu zuen lasterketa. Iñaki Olano altzota­rra (1.24.05) soilik izan zuen aurretik Lujanbiok (1.26.03). Hirugarren postuan Aitor Regillaga tolosarra sartu zen helmugara (1.28.31). Argazkiak: Unai, Sorarrain, Iosu Martin eta Jose Luis Egaña

Negu Trail izena daraman arren, eguzkia izan zuten bidelagun korrikalariek. Hasieratik izan zen nagusi Olano eta lasterketa erdira ailegatzerako minutu bateko aldea ateratzen zien bigarren postuagatik lehian ari ziren Lujanbio eta Regillagari. Azkeneko tontorrerako bidean, hortzak estutu, eta bigarren postua ziurtatzea lortu zuen goizuetarrak; bi minutu pasako errenta atera zion bukaeran hirugarren postuan iritsi zen korrikalariari.

Emakumezkoetan berriz,  Andrea Ga­ray gasteiztarra izan zen irabazlea (1:45:35). La­ia­ne Arrospide tolosarra (1:53:35) izan zen bigarren eta Oihana Zubillaga anoetarra (1:53:54) hirugarren.

Guztira, 300 parte hartzaile bildu zituen Berastegiko probak, horietatik asko eskualdekoak. Leitzako hamaika lasterkarik parte hartu zuten: Mikel Altaldill 22. izan zen (1.37.09), Iban Bengoetxea 27. (1.40.59), Eneko Zabaleta 71. (1.48.46), Oskar Ariztimuño 73. (1.49.07), Patxi Sukuntza 121. (1.57.39), Mikel Azpiroz 128. (1.58.31), Juan Mari Ugartemendia  199. (2.09.55), Ane Egizabal 235. (2.26.48), Garbiñe Hernandorena 236. (2.26.48), Mikel Saralegi 237. (2.26.49) eta Iñaki Sagastibeltza 238. (2.26.50).  Doneztebeko Josu Juanena ( 75. postuan, 1.49.15), Donamariko Aitzol Fernandez (168. postuan, 2.04.29) eta Goizuetako Beñat Lekuona (252.postuan, 2.34.39) izan ziren eskualdeko beste ordezkariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun