San Blas eguneko Urrezko Aizkora jardunaldian Nerea Sorondo nagusitu zaio Maika Ariztegiri Abadiñon

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 4a, 20:00

Abadiñoko proban parte hartu zuten kirolari guztiak. Argazkia: Ibon Errazu

Gizonezkoen binakako proban, Mugertzak eta Txikia IV.ak irabazi egin diete Vicente eta Mujikari

Astelehen eguerdian, San Blas egunez Abadiñon (Bizkaia) jokatu den jardunaldian Nerea Sorondo beratarra nagusitu zaio Maika Ariztegi iturendarri emakumeen banakako urrezko aizkora txapelketan.

Sorondo eta Ariztegik erlojuaren kontra aritu ziren lehenbizi, 0,86 metroko enborraren gainean, eta beratarra izan zen bizkorragoa (1.29). 22 segundo gehiago behar izan zituen iturendarrak. Ondotik, metro bateko perimetroa zuten bi enbor moztu zituzten eta hemen ere Sorondo azkarrago ibili zen (4.28) Ariztegi baino (5.10). Bi saioetako denborak gehituz, Nerea Sorondok 5 minutu eta 57 segundo behar izan zituen guztira eta Maika Ariztegik 7 minutu eta segundo bakarra.

Jaialdi berean Urrezko Binakako Txapelketako eta Urrezko Harri-jasotze Txapeletako saioak jokatuk zituzten

Binakako lehian, Ugaitz Mugertza II.a eta Julen Alberdi Txikia IV.a nagusitu zitzaizkie Iker Vicente eta Jesus Mª Mujikari. Erlojuaren kontra (45 ontzako bi enbor), zutik (54 ontzako enbor bat), abiadura neurtzeko proba (65 ontzako enborra), zutik eta etzanda (45 eta 54 ontzako enbor bana) eta lan erdira (54 ontzako lau eta 60ko bi) moztu behar izan zituzten eta irabazleek 21 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten eta galtzaileek 22 minutu eta 13 segundo.

Urrezko Harri-jasotze Txapelketan, azkenik, Urdax Magunazelaia Urdax eta Julen Diaz aritu ziren, 175 kiloko errektangularrarekin, 150 kiloko kubikoarekin, 125eko bolarekin, bakoitzean bi minutuko txandak eginez. Urdax erraz nagusitu zen, denera 3.800 kilo altxatu baitzituen eta Diazek 2.525 kilo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun