Agate bezperan kantari aterako dira eskualdeko hainbat herritan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 2a, 11:00
Zahar Etxera bisita egiten dute Lesakako Tantirumairu ikastolako ikasleek.

Goizueta eta Leitzan astearte arratsaldez aterako dira eta Bera, Lesaka eta Elizondoko ikastoletako ikasleak goizean

Agate bezpera. Santa Ageda bezpera izanen da otsailaren 4a eta azken urteetako ohiturari eutsiz, kantari aterako dira Goizueta eta Leitzako kaleetan. Bera, Lesaka eta Baztango ikastolako ikasleak ere aterako dira astearte goizean.

Goizuetan

Otsailaren 4an, Agate bezpera, azkeneko hamaika urteetan urtero koplak kantatuz ibiliko dira Goizuetako kaleetan. Plazan bilduko dira arratsaldeko 18:30ean. Edonork parte hartu dezake, euskal jantziarekin. Makilak prestatuak daudela ere jakinarazi dute.

 

Leitzan

Leitzan ere, egunean zehar gaztetxoak kantuan ibiliko dira etxez etxe eskean.  18:30ean, helduen txanda izanen da,  ALKE kultur taldeak antolatuta plazatik kalejiran aterako dira trikitilariek lagunduta. Makil kolpeen erritmoan, kopla zaharrak abestuko dituzte eta kalejira egin ondoren, karrapean mokadua jan eta egarria asetzeko aukera izanen da.

 

Ikastoletan

Baztan, Bera eta Lesakako Lehen Hezkuntzako ikasleak ere aterako dira astearte goizean, karrikak kantuz eta musikaz alaituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun