Interneteko bitartekarien bitartez hotelak erreserbatzeak izan ditzakeen arriskuez ohartarazi du Iratxek

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 1a, 11:00

Erreserba bitartekariak baieztatzen badu, eta ez hotelak, arazoak izan daitezkeela nabarmendu du. Halakoetan, kontsumitzaileak ezin dio deus exijitu hotelari, eta bitartekariarengana jotzean, gerta daiteke kiebra jo izana, edo  berarekin harremanetan jartzeko aukerarik ez izatea. Enpresa bitartekaria atzerrian helbideratua baldin bada, dirua berreskuratzea are zailagoa dela dio Iratxek.

Dirua itzultzeko arazoren bat izanez gero, eta bitartekariak erantzunik ematen ez badu, bankura jo eta iruzurra izan dela salatuz dirua itzultzeko eska daiteke.

Kontsumitzaileen Elkartera jo duten hainbat kasuren berri eman du Iratxek:

  • Erreserbatutako logelarik gabe: Pertsona batek, internet bidez, Kataluniako itsasaldean oporrak hotel batean pasatzeko logela bat erreserbatu zuen. Horren truk 240 euro ordaindu zituen. Baina hotelera ailegatu zenean bere izenean erreserbarik ez zegoela jakinarazi zioten. Bitartekariarekin harremanetan jartzen saiatu bazen ere, ezin izan zuen. Han zeudela aprobetxatuz, eta hainbat tokitara joateko sarrerak hartuak zituztenez, bertze logela bat hartu zuten, 700 euro ordainduz. Gerora jakin zuen berak erreserba egina zuen enpresa hartzekodunen lehiaketan zela.
  • Arazo teknikoengatik erreserba bertan behera: Bertze familia batek Valentziako hotel batean egin zuen erreserba, 350 euroren truk. Baina oporraldia ailegatu baino hilabete bat lehenagotik «hornitzaileen arazo teknikoak tarteko» erreserbak bertan behera gelditu zirela jakinarazi zien operadoreak. Zorionez, 350 euro itzuli zizkieten baina ostatu bila hasitakoan ez zuten 850 euro azpitik deus ere aurkitu. Familiarentzat gastu handia zenez, merkeagoa zen bertze toki batera joan behar izan zuten.
  • Bi egun lehenagotik deitu eta ostaturik ez dutela konturatu: Hainbat hilabete lehenagotik egin zuen erreserba bertze kontsumitzaile batek, internet bidez, bere bikotekidearekin Sevillan egun batzuk pasatzeko, 240 euroren truk. Erreserba baieztatu zioten, baina Sevillarako bidea hartu baino bi egun lehenagotik hotelera deitu zuen eta bere izenean erreserbarik ez zegoela erantzun zioten. Operadorearekin harremanetan jartzen saiatu bazen ere, ez zuen lortu.
  • Tokia izan eta ez dagoela adierazi: Emakume batek Bartzelonako hotel batean egin zuen erreserba, 180 euro ordainduta. Handik egun batzuetara, ordea, erreserba bertan behera gelditu zela erranez mezu bat jaso zuen, hotelak webgunea eguneratu gabea zuela eta  tokirik ez zegoela arrazoituz. Handik 25 kilometrotara zegoen bertze bat eskaini zioten, baina ez zuen onartu. Bere aldetik hotelera joan zenean konturatu zen tokia bazela baina 360 euro ordaindu beharko zituela. Azkenean, ekonomikoki merkeagoa zen bertze hotel batera joatea erabaki zuen.

Halako kasuetan, erreserba baieztatu aitzinetik, erreserba onartzen duena zein den erne ibiltzeko aholkatu du Iratxek.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun