Sorondo eta Ariztegi aurrez aurre Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako asteleheneko jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 1a, 10:00

Ariztegi eta Sorondo astelehenean elkarren aurka ariko dira.

Astelehen eguerdian, Abadiñon (Bizkaia) jokatuko den jardunaldian Nerea Sorondo beratarra eta Maika Ariztegi iturendarra ariko dira. Jaialdi berean Urrezko Binakako Txapelketako eta Urrezko Harri-jasotze Txapeletako saioak jokatuko dituzte. 12:00etan hasiko da saioa.

Sorondo eta Ariztegik erlojuaren kontra ari beharko dute lehenbizi, 0,86 metroko enborraren gainean, eta ondotik, metro bateko perimetroa duten bi enbor moztu beharko dituzte.

Binakako lehian, berriz, ez da eskualdeko aizkolaririk ariko: Iker Vicente eta Jesus Mª Mujika Ugaitz Mugertza II.a eta Julen Alberdi Txikia IV.aren kontra ariko dira bortz modalitatetan: erlojuaren kontra (45 ontzako bi enbor), zutik (54 ontzako enbor bat), abiadura neurtzeko proba (65 ontzako enborra), zutik eta etzanda (45 eta 54 ontzako enbor bana) eta lan erdira (54 ontzako lau eta 60ko bi).

Urrezko Harri-jasotze Txapelketan, bertzetik, Urdax Magunazelaia Urdax eta Julen Diaz ariko dira, 175 kiloko errektangularrarekin, 150 kiloko kubikoarekin, 125eko bolarekin, bakoitzean bi minutuko txandak eginez.

Hurrengo jardunaldia otsailaren 9an Beasainen (Gipuzkoa) jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun