U30 greba orokorraren testuinguruan, Ultzama eta Baztango Haur eskolek elkarretaratzea egin dute eguerdian Elizondoko plazan euren problematika ezagutzera eman eta eskuartean dituzten aldarrikapenak plazaratzeko. Baztango Haur Eskolako arduraduna den Kristina Goñik Xorroxin irratiari adierazi dioenez, «hezitzaile bakoitzeko ratio izugarriak» dituzte. «0-1 urteko 8 haur hezitzaile bateko, 1-2 urtekoetan 12 haur, eta 2 urtekoetan 16 haur. Hori astakeria bat da». Hartara, hezitzaile bakoitzeko haur kopuruaren ratioa Europan batezbertzekora egokitzea beharrezkoa ikusten dute. Eta horrekin batera, soldatak igotzea ere premiazkoa dela aldarrikatu du. «Orain bakarrik 11 paga ditugu, soldata apalak, aitzinekotasunik ez, eta 2012az geroztik soldatak eguneratu gabe».