Hainbat bertso saio ekarriko ditu gurera Bardoak ekimenak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko urt. 27a, 14:00
Bardoak 2020 bertso ekimenaren aurkezpena egin zuten larunbatean Iruñean.

Beran otsailaren 2an, Elgorriagan otsailaren 7an, eta Leitzan eta Lesakan otsailaren 14an izanen dira lehen faseko saioak

Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimenak, bosgarren edizioa izanen du aurtengoa.  Urtarrilaren 31n hasi eta martxoaren 28ra arte, guztira 20 saio izanen ditu taldekako txapelketak. Finala Lizarran eginen da, eta lehiaz harago, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izanen da.

Oraingoan, 96 parte-hartzaile izanen dira guztira, lau multzotan lehiatuko diren hamairu taldetan banatuak: bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, sukaldariak… Helduak eta gazteak, herri batekoak eta bertzekoak, beteranoak eta hasiberriak, Nafarroako bertso ekosistemarako hauspo eta elkargune izanen da Bardoak. Kopuruek ongi erakusten dute Nafarroako bertso mugimenduaren osasuna. Bertzelako gailurren oinarri dira Bertso Eskolak eta tokian tokiko plazak, eta oinarri hori sendoa dela erakusten du Bardoak egitasmoak.

Bertso Eskolekin batera, ezinbertzekoa da Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin eta tokian tokiko udal eta mankomunitateekin elkarlanean, ikastetxetan egiten duen lana. ‘Bertzolaritza irakaskuntzan’ programaren bitartez, Nafarroa osoko 2.900 ikasle inguruk lantzen dute bertsoa eskola orduetan, 42 udalettitako 58 hezkuntza zentroetan. Ongarri ezinbertzeko horren ondorio da neurri batean Bertso Eskolen sarea, baita Bardoak egitasmoa ere.

 

Hainbat saio eskualdean

Txapelketa urtarrilaren 31n abiatuko da Etxarrin, Larraunen eta Iturmendin eginen diren saioekin. Eskualdeko lehen saioa otsailaren 2an, igandean, 18:00etan eginen dute Berako Kataku ostatuan. Berako Lamixene taldea (Ainhoa Larretxea, Aitor Elexpuru, Ekhiñe Zapiain, Estitxu Uranga, Julen Zelaieta eta Patxi Castillo) eta Auritz-Hendaia-Lesakako Amortziaren eliobak (Aimar Karrika, Josu Txoperena, Kristiñe Txoperena eta Maddi Ane Txoperena) izanen dira aurrez aurre.

Otsailaren 7an Elgorriagan Bertsonautak (Alazne Untxalo, Amaia Elizagoien, Egoitz Gorosterrazu, Maialen Belarra, Irati Agesta, Lierni Oteiza, Maialen Kamino, Iker Gorosterrazu eta Xabi Garraus) eta Larraunen artean  eta otsailaren 14an Lesakan, Lesakako Arranopola (Ane Telletxea, Eneko Fernandez, Erika Lagoma, Estitxu Arozena, Etxahun Azkarraga, Iban Garro, Iratxe Muxika, Jon Silveira, Josu Sanjurjo, Lide Igoa, Ninbe Urtxegi eta Uxue Mesa) eta Barañaingo Bertsopiztiak artean eta Leitzan, Leitzako Atekaberts komeni (Aitzol Eizmendi, Ander Fuentes Itturri, Ane Intxausti, Iñigo Gorostarzu, Joanes Illarregi, Migel Mari Elosegi Luze, Mikel Azpiroz Txotxa eta Xabat Illarregi) eta Barañaingo Hego Haizea taldearen artean izanen dira eskualdeko lehen faseko bertze saioak.

Otsailaren 29an Anizen eta martxoaren 14an Goizuetan eginen dituzte finalaurrekoetako bi saio.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun