Hilabetero elkarretaratzeak egiten segituko du Baztan-Bidasoaldeko Pentsionistak Martxan mugimenduak

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 25a, 12:00

Joan den astelehenean Berako Mukixu zubian egin zuten urteko lehenbiziko elkarretaratzea.

Baztan-Bidasoaldeko pentsiodunek urtebete baino gehiago daramate Donezteben elkarretaratzeak eginez, Bizi duina zahar parte duina aldarrikatuz. Hilabetero biltzeko asmoarekin segituko dute baina, aldiro Donezteben elkartu beharrean, herriz herri eginen dituzte elkarretaratzeak. Hurrengoa Elizondon, otsailaren 17an.

Pentsio duinak eskatuz, bi urte pasatu dira Hego Euskal Herri mailan pentsiodunak mobilizazioak egiten hasi zirenetik, eta eskualdean, Baztan-Bidasoaldeko Pentsionistak Martxan mugimenduak deituta, 2018ko urrian hasi ziren elkarretaratzeak egiten, Donezteben. Abenduko batzarrean, ordea, elkarretaratzeak hainbat herritan egitea erabaki zuten eta halaxe hasi dute urtea. Hilabeteko hirugarren astelehenetan bilduko dira, orain arte bezala eguerdian. Joan den astelehenean, urtarrilak 20, Beran egin zuten urteko lehenbizikoa, baina ekainera bitarteko hitzorduak non izanen diren zehaztua dute.

Elkarretaratzeak Baztan-Bidasoaldean

  • Urtarrilaren 20an, Beran egin zuten.
  • Otsailaren 17an, Elizondoko herriko plazan, 12:00etan
  • Martxoaren 16an Doneztebeko eskola aitzinean, 12:00etan
  • Apirilaren 20an Lesakako Plaza Zaharrean, 12:00etan.
  • Maiatzaren 18an, Berako Mukixu zubian, 12:00etan.
  • Ekainaren 15ean, Elizondoko herriko plazan, 12:00etan.

Eskualdeko Pentsionistak Martxan mugimendutik «orain arte egindako mobilizazioekin deus guti lortu» dela adierazi dute, baina gaia «politikarien agendan sartzen» ari dela nabarmendu dute, eta «gehiago sartu beharko dute». Aldarrikapenak «orain erretiratuak edo jubilatuak direnenak baino hagitzez ere haratago doazela» gaineratu dute: «erretiratuak, lanean daudenak, lan egiteko bidean daudenak... denek zahar parte duin bat izatea da helburua, kalkuluak hala ematen badu edo ez badu».

Bidea «luzea» izanen dela onartu arren, «aitzinera segitzeko» prest agertu dira pentsiodunak eta «aldarrikapenekin bat eginez gero, parte hartzeko gonbidapena» luzatu diete eskualdeko herritarrei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun