Emakume Master Cupeko binakako txapelketa indartsu hasi da Ataunen

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 21a, 17:00

Ataungo Auzeota pilotalekua bete egin zen larunbat arratsaldean binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako lehen aurre-kanporaketa bertatik bertara ikusteko. Harmailetan 150 lagun inguru bildu ziren, horietako aunitz Arantxa Arratibel, bertako alaba, animatzeko. Aisha Etxeberria amezketarraren laguntzarekin, ataundarrak lehen kanporaketa gainditu zuen, bertako pilota eskolako haurren gozamenerako. Azkenerako, giro beroa izan zen egunetik egunera sendotzen ari den lehiaketa honen lehen egunean.

Txapelketari hasiera eman zion partidan, Nerea Sagarna (Larrabetzu) eta Haizea Marijuan (Santurtzi) bizkaitarrek Jaione Urania eta Irati Usandizaga oñatiarrei irabazi zieten 8-18. Debagoienekoek ez zuten egun ona izan, Madalen Etxegarai eta Uxue Oses ere kanporatuta geratu baitziren.

Ikusminik gehien sortu duen partida izan zen, halaber, orekatuena eta Arantxa Arratibel ataundarrak eta Aisha Etxeberria amezketarrek 18-13 irabazi zieten Altsasuko Udane Vergara eta Alaia Ruiz de Infante gasteiztarrari, partida osoan aitzinetik joan ondotik.

Eguneko bertze interes puntu garrantzitsu bat Gentzane Aldai eta Olatz Arribzalagaren pilota mistoarekin jokatzen ikustea izan zen. Material honekin ausartu ziren lehen aldiz bizkaitarrak eta lehen proba positiboa izan zen, ez baitzioten aukerarik eman Oñatiko bikoteari (18-4). Uxue Osesek zailtasun handiak izan zituen Olatz Arrizabalagaren sakeak erantzuteko.

Azken norgehiagokan, Ibone Salinas eta Andrea Capellán errioxarrek Hiart Arakistain (Sopela) eta Miren Olondori (Bermeo) ez zieten inolako aukerarik eman (18-5).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun