Sorondok irabazi du Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako hirugarren jardunaldia

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 21a, 14:00

Orain arte Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan bi jardunaldi jokatu ditu Nerea Sorondo beratarrak eta bietan nagusitu da

Gizonezkoetan, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketan, bi saio jokatu dituzte asteburuan eta emakumezkoetan, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan, bakarra. Binakako lehian, Aian (Gipuzkoa) jokatutako hirugarren jardunaldian, Ugaitz Mugertza II.a eta Julen Alberdi Txikia IV.a Rubel Saralegi leitzarrari eta Eneko Otañori gailendu zaizkie, eta Iraetan (Gipuzkoa) egindako laugarren jardunaldian, Iker Vicente eta Jesus Mª Mujika nagusitu dira Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo leitzarraren aurka.

Urrezko Aizkolarien Txapelketaren baitan, gizonezkoen binakakoa eta emakumezkoen banakakoa jokatzen ari dira urte hasieratik. Emakumezkoetan lau aizkolari ari dira lehian: Nerea Sorondo beratarra, Itxaso Onsalo aresoarra, Maika Ariztegi iturendarra eta Irati Astondoa bizkaitarra. Guztira hiru jardunaldi jokatu dituzte, eta horietan azkena, asteburuan jokatu zuten Aian (Gipuzkoa). Sorondok bizkaitarra izan zuen kontrario baina erraz gailendu zen beratarra. Lanak borobitzeko bortz minutu eta 43 segundo behar izan zituen eta Astondoak zazpi minutu eta 28 segundo. Gisa honetara, txapelketako bigarren garaipena eskuratu du; lehenbizikoa Onsaloren aurka irabazi zuen.

Gizonezkoetan, berriz, hirugarren eta laugarren jardunaldiak egin zituzten asteburuan. Aiako hirugarren saioan Ugaitz Mugertza II.ak eta Julen Alberdi Txikia IV.ak Ruben Saralegi leitzarra eta Eneko Otaño izan zituzten arerio. Lehenbiziko bikotea nagusitu zen. Lanak 21 minutu eta lau segundotan egin zituzten eta Saralegik eta Otañok 23 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten.

Iraetan jokatutako laugarren jardunaldian ere eskualdeko aizkolariak garaipenik gabe gelditu ziren, baina lehia estuagoa izan zen. Iker Vicentek eta Jesus Mª Mujikak 20 minutu eta 30 segundotan bukatu zituzten lanak eta Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo leitzarrak 16 segundo gehiago behar izan zituzten.

Hurrengo hitzordua otsailaren 3an Abadiñon izanen dute eta otsailaren 5ean Beasainen ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun