Adinekoak eta bakardadea aztertzen dituen ikerketa osatzeko laguntza eskatu du Nafarroako Gurutze Gorriak

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 18a, 09:00
65 urtetik gora izan eta bakarrik bizi diren pertsonen bizipenak jaso nahi dituzte.

Bakarrik bizi dira Nafarroan 65 urtetik gorako 29.000 pertsona. Datu horiek ikusita, adineko hauek bakardadeaz duten pertzeptzioa ezagutzeko ikerketa jarri du martxan Gurutze Gorriak. Ikerketa osatzeko boluntario bila dabiltza orain; 65 urtetik gora izan eta bakarrik bizi direnen nafar guztiei egin diete beren esperientzia kontatzeko gonbidapena. Interesa dutenek 677 45 44 34 telefonora deitu edo estudiosoledadnavarra@cruzroja.es helbidera idatzi beharko dute.  

Nafarroako Gurutze Gorriak Unibertsitate Publikoko ikerlarien laguntza izanen du ikerketa-proiektu hau gauzatzeko. Oinarri soziologikoa izanen du eta bildutako ondorioekin bakardadea sufritzeko arriskua duten pertsonen profila zein den ikusi eta arrisku faktoreak identifikatu nahi dituzte. Bakarrik bizitzea eta bakardadea sentitzea ez direla beti bat izaten ere nabarmendu nahi izan dute eta gai hori ere landuko dute ikerketa egiterako orduan. Txostena urte amaieran edo 2021 urtearen hasieran aurkezteko asmoa dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun