Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak indartsu segitzen du

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 17a, 15:00
Gero eta ikusmin gehiago pizten du Emakume Master Cup txapelketak.

94 pilotari arituko dira larunbatean Ataunen hasiko den binakakoan

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak indartsu segitzen du eta azkenean ia ehun pilotarik, zehatz erranda 94k, –47 bikotek– hartuko dute parte urtarrilaren 18an hasiko den Binakako txapelketan.

Kirolarien beharretara egokitzeko etengabeko irrika horretan, 2020ko Binakakoa bi kategoriatan jokatuko da: ohiko pilota goxoakoak segitzen du jarraitzailerik gehien izaten, 35 bikote izango dira, 70 pilotari, eta geroz eta parte hartzaile gehiago erakartzen ari den pilota mistokoan 12 bikote arituko dira lehen ekitaldi honetan.

Antolatzaileek, halaber, urtarrilaren 18an hasi eta martxoaren 29an Irungo Urantzu berrituan bukatuko den lehiaketaren ibilbide-orria ere zehaztuta dute.

Txapelketa osoa Gipuzkoako pilotalekuetan jokatuko da. Ataun, Antzuola, Villabona, Deba eta Berastegik lehen aurrekanporaketak hartuko dituzte. Getarian eta Pasaian, final-laurdenetako jaialdiak izango dira, eta finalerdiak Beasainen, martxoaren 8an eta ETBren zuzeneko kamerekin, eta Elgoibarren, martxoaren 14an jokatuko dira.

Bi mailetako finalak martxoaren 29an jokatuko dira Irunen. Jaialdi hau ere ETB-tik zuzenean jarraitzeko aukera izango da

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun