Pediatria zerbitzua eskatuz sinadura bilketa abiatu dute Malerrekan eta Bertizaranan

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 17a, 10:00

Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten 15 herrietan 2019ko azarotik pediatrarik gabe daudela salatu dute Malerreka eta Bertizaranako gurasoek, ez dutelako ordezkorik bidali. Hala, helduen medikuek artatzen dituzte herri horietako haurrak. Egoeraren «larritasuna» ikusita, eta «gure seme-alaben osasuna jokoan dagoenez, konponbide bat bila dezaten eskatzeko» sinadurak biltzeari ekin diote gurasoek.

Pediatrarik gabe egotea ez dute kontu berria Malerrekan eta Bertizaranan. Gurasoek salatu dutenez, «2018an ere bortz hilabetez pediatrarik gabe egon ginen. Orduan, eta konponbide gisara, Lesakako pediatra, bere ordutegitik kanpo, astean bi arratsaldez etortzen zen gure seme-alabak ikustera».

Egoerarekin kezkatuta, sinadurak bilduko dituzte ondoko egunetan. Bi baldintza bete behar dira sinatzeko: alde batetik, egoera honek eragiten dion haurraren gurasoa izatea eta bertzetik, haurrari Doneztebeko osasun zentroa egokitzea.

Herriz herri sinadurak ordezkari hauek bilduko dituzte:

  • Narbarte: Maite Bertiz.
  • Legasa: Miren Urriza.
  • Doneztebe: Jaione Andueza, Joana Oteiza eta Edurne Erasun.
  • Elgorriaga: Jaione Irisarri.
  • Ituren-Aurtitz: Gotzone Ariztegi.
  • Zubieta: Anuska Garrote.
  • Donamaria-Gaztelu: Maite Migeltorena.
  • Urroz eta Oiz: Edurne Bertiz.
  • Saldias Beintza-Labaien eta Eratsun: Izaskun Bertiz.
  • Sunbilla: Jon Anzizar.
  • Ezkurra: Mari Jose Ezkurra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun