San Anton eguneko ospakizunak eginen dituzte Elizondo, Zubieta, Lesaka eta Erratzun

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 15a, 06:30

Zahar Etxearen aldeko zozketak ikusmina piztuko du aurten ere Elizondon ortziralean.

Elizondon, Zahar Etxearen aldeko zozketa eginen dute ortziralean 13:00etan

Urtarrilaren 17a. San Anton Eguna. Abeltzainen zaindaria. Hori dela-eta, eskualdeko zenbait herritan ospakizunak eginen dituzte. Zubietan eta Lesakako Endara auzoan meza izanen da San Anton baselizetan. Elizondon, errifa eginen dute Zahar Etxearen alde, 1867. urtetik egiten den bezalaxe. Erratzun afaria izanen dute emakumeek.

Elizondon egun handia izaten da San Anton eguna. Goizetik, Francisco Joaquin de Iriarte Zahar Etxearen aldeko errifaren azken txartelak saltzen ibiliko dira albinteak. Lehenbiziko saria, Aspina elkarteak emandako aretzea izanen da, bigarrena zerria, hirugarrena bi bildots eta laugarrena urdaiazpikoa. Zozketa, berriz, 13:00etan eginen da Balleko Etxeko balkoian. Bertsolariak ere ariko dira eguerdian eta Baztanzopak eskainiko dituzte 11etatik aitzinera.

Lesakan Endara auzoko San Anton baselizaren inguruan eginen dituzte ospakizunak. Ortziralean mezak izanen dituzte 10:00etan eta 11:00etan. Baina ondoko igandean izaten dute erromeri giroa. Igande goizean mezak izanen dira orduero (10:00, 11:00 eta 12:00) eta trikitixa doinuak, erroskila saltzaileak eta bertze hainbat kontu izan dira. Lesakatik eta inguruko herrietatik oinez, bizikletaz, zaldiz eta, batez ere, autoz hurbiltzeko ohitura handia izaten da. Lesakatik, mendi ibilaldia antolatu du Beti Gazte elkarteak 08:00etan plazatik abiatuta. 17:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean, Laiotz taldearekin.

Zubietan ere San Anton egunak tradizio handia izan du. Izen bereko baseliza moldatu zutenetik, egun horretako meza ere berreskuratu dute. Lehen aziendak emateko ohitura izaten zen, baina hori galtzen joan da. Ostiral  goizean, beraz, meza izanen da eta ondotik hamaiketakoa eskainiko dute baseliza atarian. Arratsaldean udalak txokolatea banatuko du herriko estalpean eta Joxe Angel akordeoilariarekin dantzaldia izanen dute arratsean, 21:00 arte.

Erratzun ere egun berezia izaten da San Anton Eguna, batez ere, emakumezkoentzat, eta aurten ere hutsik egin gabe, hainbat emakume elkartuko dira afaltzera

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun