H2O Gurea proiektuak hiru urte bete ditu Bidasoa, Urdazuri eta Urumea ibaien mugen elkar arteko kudeaketa landuz

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 13a, 14:00
H2O Gurea mugaz gaindiko proiektuaren jarduketa lurraldearen mapa.

Azken ondorioek lankidetzaren emaitza positiboak berresten dituzte, hala nola, uren kalitatea, espezieen babesa edo ibaien arroetako gobernantzaren inguruko gaietan

Joan den abenduaren 31n bukatu zen H20 Gurea europar proiektuak hiru urte bete ditu Bidasoa, Nivelle eta Urumea ibaien mugen elkar arteko kudeaketa landuz, Interreg POCTEFA lankidetza programaren esparruan. Proiektuaren azken ondorioek lankidetzaren emaitza positiboak baieztatu dituzte, hala nola, uren kalitatea, espezieen babesa, ibaien arroetako gobernantza edo uholdeen  kudeaketaren inguruko gaietan.

H2O Gurea proiektua 2016ko maiatzean hasi zen, Nafarroako Gobernuak GAN/NIK Nafarroako Ingurumen Kudeaketa elkartearen bidez eta bertze bortz parte hartuta: Communauté Pays Basque (proiektuaren lerro-burua), Urdazubiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, URA Agentzia eta Txingudiko Mankomunitatea.

Proiektuak abian jarritako ekintzen azken ebaluazioan (abenduan egin zuen Bertizko Pilotaje Batzordearen azken saioan), bazkideek bereziki baloratu zuten hiru urte horietan sortutako tokiko aktoreen sarea finkatzea, eta horrek erantzun bateratua ematen die partekatutako ibai-arroetako uraren kudeaketari buruzko Europako zuzentarauei: Uraren Esparru Zuzentaraua eta Uholdeen Zuzentaraua.

Bidasoa, Urdazuri, Errobi, Oria eta Urumea ibaien arro partekatuetan ura kudeatzeko eskumena duten mugako bi aldeetako agintariek 2014an sinatu zuten Ur Partekatuak Kudeatzeko Mugaz gaindiko Gutuna abian jartzean datza proiektua.

Proiektu horren %65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatu du, Espainia, Frantzia eta Andorra arteko Lankidetzarako Programa Operatiboaren bidez (POCTEFA 2014 2020), eta 3.744.733 euroko aurrekontua du guztira. Horietatik 375.086 Nafarroako Gobernuari dagozkio, GAN bidez, eta 984.320 Urdazubiko Udalari.

 

Helburu eta ekintza nagusiak

H2O Gurea proiektuaren funtsezko helburuak hauek izan dira: ezagutzak sakontzea eta trukatzea, publiko handiarekin eta erakundeetako bazkideekin komunikatzea (web orria, seinaleak, dibulgazio-materiala); uholdeen kudeaketa eta parte-hartze publikoa; edateko uraren hornidura bermatzea; mugaz gaindiko gobernantza eta ur-ibilguen kalitatea hobetzea.

Ur-ibilguen kalitatea hobetzeko lanari dagokionez, proiektuaren ekintzen artean Urumearen ezagutza geomorfologikoan sakontzea nabarmentzen da, ur-goraldien balizko ondorio geomorfologikoak ebaluatzeko mailak eta emariak aztertuz.

Biodibertsitatea zaintzeari dagokionez, GANek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat ekintza bateratu egin dituzte interes bereziko espezieak babesteko, hala nola desman iberiarra (populazioen azterketa, espeziea Nafarroako isurialde atlantikoan etengabe banatzen dela egiaztatuz) eta espezie inbaditzaileen aurka.

Edateko uraren hornidura ziurtatzeko xedearen barruan, H2O Gurearen lana Ainhoa eta Urdazubin egin da, bi udalerrien arteko edateko uraren banaketa-sareen mugaz haraindiko loturarekin, eta mugaz haraindiko ur-horniduraren zerbitzua abian jartzearekin, bolumena eta kalitatea bermatzeko. Klima aldaketaren eta populazioaren hazkunde urtaroaren testuinguruan, Urdazuri Garaiko ibarreko bi udalerriek hamar urterako hitzarmena sinatu dute 2018an.

Uholdeen kudeaketan, eta baita proiektuaren esparruan ere, Communauté Pays Basquek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Uraren Euskal Agentziak (URA) Bidasoa ibaiaren behealdeko azterketa hidraulikoa egin dute. Azterketa horren amaieran, partekatutako eredu hidraulikoa eta mugaz haraindiko aforalekuaren beharrari buruzko hausnarketa egin dituzte, eta uholdeen kudeaketan lan egitea komeni dela finkatu dute. Horrekin batera, babes-obrak ere egin dira Jaizubian eta Bidasoan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun