Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo nagusitu dira Urrezko Binakako aizkolari txapelketako lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 7a, 19:00
Igandean Deban aritu ziren kirolariak, saioa hasi baino lehen.

Emakumezkoen Banakako aizkora txapelketan Nerea Sorondo beratarra gailendu zaio Itxaso Onsalo aresoarrari

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa urtarrilaren 5ean abiatu da Deban (Gipuzkoa). Jon Rekondo leitzarra eta Mikel Larrañagak irabazi diote Ugaitz Mugerza II.a eta Julen Alberdi Txikia V.ari. Emakumeen banakako txapelketan Nerea Sorondo beratarra gailendu zaio Itxaso Onsalo aresoarrari. Urrezko Harri-jasotze Txapelketan Orioko Aimar Galarragak 3.350 kilo jaso ditu denera.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan, erlojuaren aurka bi enbor 45 ontzakoak, zutik kana-erdikoa txanda librean; abiadurakoa, 65 ontzako enbor bat bikote bakoitzak, zutik/etzanda bat 45 ontzakoa eta bertzea kana-erdikoa (bikotekideek bana), eta azken proba 60 ontzako lau enbor eta bi 65ekoak txanda librean moztu behar izan zituzten. Rekondok eta Larrañagak 21 minutu eta 23 segundo behar izan zituzten lana egiteko eta Mugertzak eta Txikia IV.ak 22 minutu eta 15 segundo.

Emakumezkoen Urrezko Banakako aizkolari txapelketan Nerea Sorondok 7 minutu eta 59 segundo behar izan zituen lana burutzeko eta Itxaso Onsalok 9 minutu eta 46 segundo.

Urrezko harrijasotze txapelketan, bina minutuko txandetan, Aimar Galarragak zazpi jasoaldi eman zizkion 175 kiloko laukizuzenari, bortz jasoaldi 150 kiloko kubikoari eta hamaika jasoaldi 125 kiloko bolari. Denera, 23 jasoaldi eta 3.350 kilo altxatu zituen.

Igandean Deban jokatuko den jardunaldiaren ondotik, urtarrilaren 12an Beizaman, urtarrilaren 19an Aian eta Iraetan, otsailaren 3an Abadiñon, otsailaren 5ean Beasainen, otsailaren 16an Oñatin eta martxoaren 3 edo 8an Azpeitian eginen dituzte txapelketa hauetako saioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun