Eusko Label Sariko lehen jardunaldia jokatuko dute igandean Deban

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 3a, 20:00

Itsaso Onsalo eta Nerea Sorondo ariko dira norgehiagokan igande eguerdian Deban.

Jon Rekondo leitzarra izanen da eskualdeko ordezkari bakarra gizonezkoetan binakakoan eta emakumezkoetan, Nerea Sorondo beratarra eta Itxaso Onsalo aresoarra ariko dira nor baino nor gehiago

 

Urrezko Binakako Aizkolarien Txapelketa urtarrilaren 5ean abiatuko da Deban (GipuzkoaI. Igandean 12.30ean, Deban, Ugaitz Mugerza II.a eta Julen Alberdi Txikia V.a, Jon Rekondo leitzarraren eta Mikel Larrañagaren aurka ariko dira. Emakumeek ere parte hartuko dute, baina bakarkako neurketak izanen dituzte. Igandean Deban Nerea Sorondo beratarra eta Itxaso Onsalo aresoarra izanen dira neurtuko direnak. Urrezko Harri-jasotze Txapelketa ere hasiko da eta Orioko Aimar Galarraga ariko da lanean.


Urrezko Binakako Aizkolarien Txapelketa

Lau bikote izanen dira gizasemeen parte hartuko dutenak. Lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute. Ondoren izanen dira kanporaketak.

Hasierako fasean bortz lan dituzte: erlojuaren aurka bi enbor 45 ontzakoak, zutik kana-erdikoa txanda librean. Abiadurakoa, 65 ontzako enbor bat bikote bakoitzak, zutik/etzanda bat 45 ontzakoa eta bestea kana-erdikoa (bikotekideek bana), eta azken proba 60 ontzako lau enbor eta bi 65ekoak txanda librean. Iker Vicente-Jesus Mari Mujika, Ugaitz Mugerza II.a-Julen Alberdi Txikia V.a, Ruben Saralegi-Eneko Otaño eta Jon Rekondo-Mikel Larrañaga dira bikoteak.

Emakumezkoen Urrezko Banakako aizkolari txapelketan Sorondo eta Onsaloz gain, Maika Ariztegi iturendarra eta Irati Astondoa zeanuritarra ariko dira.

Urrezko harrijasotze txapelketan, Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi, Iñigo Eizagirre, Xabier Peñagarikano eta Julen Diaz ariko dira.

Egutegiari dagokionez, igandean Deban jokatuko den jardunaldiaren ondotik, urtarrilaren 12an Beizaman, urtarrilaren 19an Aian eta Iraetan, otsailaren 3an Abadiñon, otsailaren 5ean Beasainen, otsailaren 16an Oñatin eta martxoaren 3 edo 8an Azpeitian eginen dituzte saioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun