“Izan zaitez Bidasoko izokinaren babesle” boluntario-programak babestuta bortz izokin atera dituzte gaur goizean

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 2a, 20:00
Izokinaren arrabatzea, Oronoz-Mugairiko arrain-haztegian.

Espeziea berreskuratzea da ekimen honen helburua

 

Nafarroako Gobernuko Oronoz-Mugairiko arrain-haztegian bortz izokin (lau eme eta ar bat) sartu dira urtarrilaren 2an, ortzegun goizean, Izan zaitez Bidasoko izokinaren babesle boluntario-programaren barnean. Programa hori Foru Gobernuak sustatu du, espeziea berreskuratzeko.

Errunaldiaz (arrautzak eta hazi-jartzea) instalazioko teknikariak arduratu dira; bertan egon dira aleak udaberriaz geroztik. Halaber, ekitaldian egon dira bertze horrenbertze ale babestutako bortz arrantzaleak.

Programa Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak sustatu zuen LIFE IREKIBAI proiektuaren bitartez; proiektu hori Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN / NIK) enpresa publikoak koordinatzen du Foru Komunitatean, izokinaren arrantzaleen eskaerari erantzutearren. Bidasoko hainbat arrantzale-elkartek eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak ibaia zaintzeko sinaturiko protokoloan kokatzen da ekimena eta, horren bitartez, Nafarroako Gobernuak beharrezko babesa eskaintzen du horrela nahi duten arrantzaleek bizirik harrapatutako izokinak beren borondatez Ingurumeneko Basozaintzari eman ahal izateko.

 

Programaren garapena

Babesten duen arrantzaleak aukera dezake izokina emisorearekin markatu eta ondotik ibaian askatu nahi duen espeziearen azterketan parte hartzeko edo, bertzenaz, Mugairiko arrain-haztegira eramatea nahi duen Bidasoa birpopulatzeko arrainkumeak izanen dituen ugaltzaile bilakatzeko, espeziearen populazio naturala indartuaz.

Bortz babeslek izokinak arrain-haztegira eramatea hautatu zuten, eta, infekzioen kontrako prebentzio-tratamenduak jaso eta zauriak sendatu ondotik, behar bezala osatu ziren.

Nafarroako Gobernuak programaren lehen kanpainaren inguruan balantze “oso positiboa” egin du; izan ere, arrantzaleak modu esanguratsuan inplikatzeaz gain, aktiboki hartu dute parte ekimenean. Beraz, arrantza-denboraldian harrapatutako 47 izokinetatik bost bizirik eman zituzten (harrapatutakoen %11), baina beste batzuk ezin izan zuten arrantzalditik bizirik irten, nahiz eta arrantzaleak bizirik arrantzatzen saiatu.

Aleen pisua eta neurria dela-eta, 40.000 arrautz inguru ekoizteko gai izanen direla uste da, eta arrainkumeak Bidasoan botako dira datorren udaberritik aitzinera, horretarako behar adinako neurri eta pisua hartzean.

Programaren lehen kanpainak harrera ona izan duenez, Nafarroako Gobernuak espero du datorren denboraldian arrantzale gehiagok proiektuarekin bat egitea. Modu horretan, arrantzaleen eta Administrazioaren arteko lankidetza indartuko da arrantza iraunkorra sustatzeko, beharrezkoa baita izokinaren populazioak behin betiko berreskuratze aldera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun