Euskal Artzainak Ameriketan

Ttipi-Ttapa Telebistak Kalifornian eta Nevadan 2007an grabatutako 17 programak berriz ikusgai

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 29a, 10:00

Iragan mendeetako emigrazioak berebiziko eragina izan zuen Euskak Herri osoan eta, bereziki, gure herriotan. Joandako gehienak urte batzuk han pasatu ondotik euren herrietara itzuli ziren. Bertze batzuk, aldiz, han egin dute euren bizimodua.

Euskal Artzainak Ameriketan egitasmoarekin, Ttipi-Ttapa Fundazioak gizatalde hori buruzko informazioa bildu, digitalizatu eta hedatu nahi du. Horretarako, Ttipi-Ttapa Telebistako bi lankide 2007ko maiatzean hiru astez egon ziren Kalifornian eta Nevadan eta 17 programa grabatu zituzten.

Ibilbideari hasiera emateko, Bakersfieldeko (Kalifornia) euskal bestan egon ziren, maiatzaren 27an. Mila lagun inguru elkartu ziren Kern Count Basque Clubean. Gehienak baztandarrak, baina baita inguruko bertze herrietatik joandakoak ere. Desfilearen aitzineko aldean AEBetako bandera eta ikurrina. Horietako bat Pako Iturriria lekaroztarraren eskuetan. Gibeletik, klika. Inguruetan dantza, abesti eta doinu euskaldunik ez zen falta. 

Bakerslfieldetik Fresno, San Frantzisko, South San Frantzisko... eta Petalumara, eta hor, Euskal Etxeak antolatutako bertze besta baten lekuko izan ziren. Artzain joandako jendea aunitzekin egoteko aukera izan zuten Petaluman, eta euskal doinu eta dantzek ez zuten hutsik egin. San Frantziskoko Euskal Etxearen 25. urteurrenaren harira egindako besta izan zen Petalumakoa. 

South San Frantziskon, AEBetako Euskal Etxeen arteko mus txapelketaren lekuko izan ziren telebistako lankideak. Eta irabazleen artean, sunbildar bat. Eta Kaliforniatik Nevadara: Reno, Carson City eta Winnemuca. Bestarik haundiena Winnemucakoa izan zuten. NABO erakundeak edo Euskal Etxeen konfederazioak urteroko biltzarra zuten Winnemucan.«Istorio aunitz dira, bizipen aunitz eta den-denak agertzea kasik ezinezkoa da –zioten Goizalde Urdanpilleta eta Edurne Zubieta telebistako lankideek–. Zenbatzen hastea ezinezkoa gertatuko litzaiguke, baina bihotza bete zaigu. Baita beraiei ere». 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun