Iruñea-Behobia errepidea 2+1 erreiko errepide bihurtzeko proiektua ez da gauzatuko finantzamendua argitu arte

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 23a, 18:00

Argazkian Alemaniako 2+1 erreiko errepide bat. Ageri denez, 2+1 errepide sistemarekin istripu-arriskua nabarmen murrizten da.

Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak abenduaren 17an egin zen parlamentu-batzordean adierazi zuenez, aurreikusitako proiektua gauzatzeko oztopo nagusia finantzamendua da 

Azkeneko hiru urteetan 13 hildako izan direla kontuan hartuta, Nafarroako errepide sarean istripu tasarik handiena duen errepidea da N-121-A errepideko Iruñetik Behobiarainoko tartea. Segurtasun arazoari konponbide bat emateko, aurreko legealdiaz geroztik Foru Gobernua aztertzen ari den proiektuak bi erreiko zatiak egitea proposatzen du, noranzkoaren arabera 300 metrora tartekatuak. Proiektu horren arabera, ibilbidean zehar debekatuta egonen litzateke autoak aurreratzeko kontrako noranzkoa duen erreian sartzea.

Bernardo Ciriza kontseilariaren arabera, «kilometro bakoitzeko batez besteko aurrekontua milioi bat euro ingurukoa izanen da eta, horregatik, ia 70 milioi euro inguru beharko lirateke errepidea erabat aldatzeko». Kopuru horrekin, Ezkabako tunelen eta Gipuzkoako mugaren (Endarlatsa) artean dauden 62,7 kilometroak 2+1 erreiko errepide bihurtuko ziren. 

Belateko tunelak bikoizteko behar diren 100 milioi euroekin bezala, finantzaketa da aurreikusitako proiektua gauzatzeko oztoporik nagusiena. Obrak ordaintzeko, Foru Gobernuak Espainiako Gobernuaren lankidetza ekonomikoa eskatua du, izan ere, 2+1 erreiko proiektuari Belateko tuneletarako beharrezkoa dena gehituz gero, 170 milioi euro behar liratekeelako N-121-A errepidea erabat egokitzeko.

Kontseilariak aipatu zuenez, laguntza eskaeraz hitz egiteko Estatuko Azpiegituren idazkariari eta Errepideen zuzendari nagusiari egina dien eskabideak datarik gabe dago oraindik. Dena den, proiektu honen premia frogatzen duten agiriak aurkezteko epea 2021eko urrira arte atzeratu zela gogoratu zuen. Helburua: Estatuak 2018an agindutako 10 milioi euroak etorriko direla ziurtatzea.

Alegazioak

Agirien aurkezpena 2021eko urrira atzeratzea arrazoitzeko «proiektuari alegazio ugari» aurkeztu izana argudiatu zuen Lurralde Kohesioko kontseilariak. Guztira, 485 alegazio aurkeztu omen dira, eta horietako gehienak, Bidasoaldeko azken 28 kilometroei buruzkoak.

DATUAK

  • N-121-A errepidetik egunean, batez beste, 9.500 ibilgailu ibiltzen dira, eta horietatik 2.800 kamioiak dira.
  • Kamioien %60 ibilbide luzekoak dira, hau da, Iruñetik Behobiako mugara bitartekoak.
  • 62,7 km Nafarroako tarteari dagozkio, Ezkabako tunelen eta Gipuzkoako mugaren artean, Endarlatsan.

 

Nolakoak dira 2+1 errepideak?

Segurtasuna bermatzeko, bi errei independente dituzten bideak dira, bide batean edo bertzean sartuz doan erdibitzaile batek bereiziak, eta bigarren errei bat uzten dutenak noranzko batean aurreratzeko. Bigarren errei hori norabide batean edo bertzean tarteka txandakatzen da, bi norabideetan zirkulatzen duten gidariek berdin aurreratu ahal izan dezaten.

Hobekuntza hori dagoeneko Suedian, Irlandan edo Alemanian erabiltzen ari dira, eta haiek egindako azterketetan frogatuta dute istripu kopura jausteko baliagarri izan zaiela.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun