Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuaren Albaitaritza Osasunak bultzatutako “Helburua: Ahuntz osasuntsuak” kanpainaren barruan, ardi- eta ahuntz-abeltzainei informazio xehatua bidaliko zaie gutun, kartel eta triptikoen bitartez. Halaber, tokiko erakundeei eta departamentuko bulegoei informazioa zabaltzen laguntzeko eskatuko zaie.
Nafarroan 13.628 ahuntz daude erregistratuta lurralde osoan sakabanatutako 613 baserrietan. Tradizionalki, ahuntzak esnea edo haragia ekoizteko edo artaldeak gidatzeko haziak izan dira. Gaur egun, aldiz, erroldatuta dauden asko hobby moduan edo lursail eta baratzeetako landaredia kontrolatzeko ale edo talde-txikiak dituzten pertsonen jabetzakoak dira.
Ahuntzak, animalia-espezieak diren aldetik, gaixotasunak eduki ditzakete eta horietako batzuk kutsagarriak dira gainera. 2019an, hainbat tuberkulosi-kasu detektatu dira ahuntzetan, eta, horregatik, gaixotasuna kontrolatzeko eta errotik kentzeko kanpaina indartu nahi da, osasun publikoa eta ahuntz-aziendaren osasuna hobetzeko.
Kanpainan gogorarazten da jabeek nahitaez ahuntz guztiak erregistratu eta identifikatu behar dituztela. Horretarako, harremanetan jarri behar dira Iruñako Landa Garapeneko Saileko albaitariekin edo eskualdeko bulego ezberdinekin.
Kanpaina honen bidez, ahuntzen garrantzia azpimarratu nahi da, ez bakarrik antxume- eta esne-ekoizleak direlako, baita landaredia kontrolatzen, suteak prebenitzen eta lursail partikular eta publikoak garbi mantentzen laguntzen dutelako ere. Dena dela, ohartarazi dute ahuntzei eragiten dieten gaixotasunetako batzuk, bruzelosia eta tuberkulosia kasu, arnas-bideetatik edo esne gordina kontsumitzean kutsa daitezkeela. Horregatik, ahuntzak osasun-baldintza hobeezinetan mantendu behar dira.
Proba diagnostikoak nahitaezkoak dira eta doan egingo dira. 2020an zehar, Abeltzaintza Zerbitzua harremanetan jarriko da jabeekin, ahuntz-tuberkulosiaren diagnostikorako probak egiteko. Informazio gehiagorako, idatzi helbide honetara: sanidad.animal@navarra.es.