Haizetearen ondorioz lana gogotik egin behar izan dute suhiltzaileek eskualdean

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 20a, 09:24
Suhiltzaileek lana gogotik egin behar izan dute, Aniz eta Irurita arteko errepidea libratzeko.

Irurita eta Aniz arteko errepidea moztu da eroritako zuhaitzengatik

Azken orduetan Nafarroako zati handi bati eragin dion ekaitz haizetsuak suhiltzaileen esku-hartze ugari eragin ditu, zauritu edo kalte larririk eragin ez duten gorabehera txikiei erantzuteko. Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko Zerbitzuak eta SOS Navarrak laguntza zerbitzuen jarduketak koordinatu dituzte.

Eskualdeari dagokionez, Baztanen sumatu dute eraginik handiena. Argindar-mozketak ez ezik, hainbat arbola erori dira errepideetara. Aniz eta Irurita arteko errepidera erori ziren horietako aunitz eta, hainbat orduz, Oronozko suhiltzaileek bidea garbitu arte, ez zen Zigatik ateratzeko edo ailegatzeko modurik izan. Lekarozen eta Elizondoko Santiago karrikan ere zuhaitzak kendu behar izan dituzte goizaldean.

Oronozko parkeko suhiltzaileak 18:45ean joan ziren Gaztelura. Han, haizeak argiteria publikoko zutoin bat hautsi zuen eta kable bat zintzilik utzi zuen karrikan. Oronozko suhiltzaileek Basataundiko tunelean eroritako xafla bat ere kendu zuten.

Azkenik, atzo gauerdian, Arantzako Eguzkialdea auzoan mendiko sutea izan zuten. Haizearekin zuhaitz baten adarrak linea elektrikoaren kable bat ukitu eta suak hartu zuen mendia. Oronozko parkeko suhiltzaileek, Trinitarioetako unitateen laguntzarekin, sutan zegoen hektarea erdi sastrakadi eta larre itzali zuten eta, zorionez, sua ez zen inguruko pinudi edo hariztietara iritsi. Gero, euria hasi zuen eta horri esker sutea abudo itzaltzea lortu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun