Nafarroako euskarazko hedabideak

30 hedabidek Nafarroako Gobernuaren laguntzak hartu dituzte euskara erabiltzeagatik eta sustatzeagatik

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 18a, 09:30

Nafarroako prentsa idatzi, irrati eta on-line hedabide guztien artean euskara erabiltzeko laguntzetara 665.939,95 euro bideratu ditu Nafarroako Gobernuak 2019an

Euskarabideak prentsa idatzian, irratietan eta on-line hedabideetan euskara erabiltzeko dirulaguntzen deialdia ebatzi du.

Prentsa idatzian, irratietan eta on-line hedabideetan euskara erabiltzeko laguntzetara 665.939,95 euro bideratu ditu Nafarroako Gobernuak, 30 hedabidetara banatuz. Deialdiaren ordainketa ebazten duen Erresoluzioan esteka honetan aurki daiteke. 

Erresoluzioan onartutako zenbatekoak honako modalitate hauetan banatzen dira: eguneroko prentsa (120.000 euro), tokiko aldizkariak (300.000), irratiak (180.000) eta online hedabideak (80.000).

Deialdi honen bidez, Nafarroako Gobernuak bete egiten du Euskararen Foru Legea, Foru Erkidegoko administrazio publikoei eskatzen diena hedabideetan euskararen presentzia progresiboa sustatzeko. Konpromiso hori 2016-2019ko Euskararen I. Plan Estrategikoan ere jasota dago. Bertan, hedabideetako eskaintza zabaltzeko beharra ezartzen da, gizarteak hizkuntza horretan informazioa errazago eta hobeki eskura dezan, hau beharrezko elementua baita euskal hiztunek euskera gizarteko esparru guztietan erabili ahal izan dezaten.

Aurtengoa 2016an laguntzak berriro bultzatu zirenetik 4. deialdia da. Iazkoan, 28 hedabide izan ziren onuradun, dauden 7 modalitateetan. Oraingoan zortzigarren bat gehitu da, online ekoizpena indartzeko asmoz.

Diru-laguntza hauek Europako Kontseiluaren txosten batek berriki babestu duen Nafarroako Gobernuak azken urte hauetan garatu duen politikaren barruan kokatzen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun