Kalean da Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 19a, 09:30

Euskarazko Produktuen Katalogoaren 21. edizioa osatu dute Euskal Herriko 115 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk. Sarean, KATALOGOA.EUS webgunean, eta paperezko edizioan bildu dute euskarazko musika, literatura zein jokoen bilduma zabala. 

Bata zein bertzea itxura berriarekin heldu dira. Bi atal nagusitan antolatuak daude: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bertzea. Webguneak 10.000 produktu baino gehiagoren erreferentziak biltzen ditu dagoeneko.

Banatu dituzte paperezko edizioaren 100.000 aleak Nafarroa, Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoan. Azkeneko urteotan egin den modu berean, aurten ere bi azal ditu paperean editatzen den katalogoak: azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta bertze aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Aurkezpen berri honi esker produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari. Jakina, paperezko edizioak ez ditu jasotzen KATALOGOA.EUS web-orrian jasota dauden 2019ko produktu guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

Maiz eguneratzen den web-orria milaka produkturen erreferentziekin eta, erosi nahi izanez gero, argitaletxeen denda birtualetara sartzeko aukerarekin

KATALOGOA.EUS maiztasunez eguneratzen den web-orria da, argitaratu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta, finean, jasotako produktuen kopurua etengabe hazten ari da. Dagoeneko 10.000 produktu baino gehiago biltzen ditu 2 atal nagusien artean. Paperezko edizioak bezala, KATALOGOA.EUS web-orriak ere bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea. Eta ez hori bakarrik, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen edota argitalpen-dataren arabera bistara daitezkeelako. Azkenean, erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta.

Nobedadeak sare sozialetan edota buletin elektronikora harpidetuta

Urtean zehar argitaratzen diren produktuen berri izan nahi duten interesatuek, Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera izanen dute. Gainera, KATALOGOA.EUS web-orriak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen du, argitaratu berri diren hainbat produkturen erreferentziekin. Azken finean, horixe baita KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko produktuak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun